Petrolio upelaren prezioak 110 dolarrak gainditu zituen herenegun, 120 dolarrera iristeko zorian ibili zen atzo, eta gaur ez bada bihar gaindituko du muga hori ere. Merkatuak ez dira lasaituko herrialde arabiarretako giroa baretu artean. Eta oraingoz, ez dirudi Muammar Gaddafi Libiako presidenteak horretarako borondaterik duenik. Atzo, petrolioaren txorrota itxi dezakeela ohartarazi zion munduari. Eta adituen aurreikuspenak geroz eta beltzagoak dira, upelaren prezioa 200 dolarrera iritsiko dela baitiote zenbaitek.
Petrolio erreserbetan Afrikako herrialderik aberatsena da Libia: 5.800 milioi tona petrolio dituela uste da, munduko erreserben %3,3; eta egunean 1,7 milioi tona ekoizten ditu, munduan ekoizten denaren %2. Azken egunotan, ordea, oposizioaren eta Gaddafiren jarraitzaileen arteko liskarrak gogortu izanak, ekoizpena murriztera eraman ditu zenbait konpainia. Wintershall, Repsol YPF, Total, Eni eta British Petroleumek, esaterako, petrolioa eta gasa aurkitzeko jarduerak bertan behera utzi, eta ateratzekoak erdira murriztu dituztela jakinarazi dute. Horrek urduri jarri ditu merkatuak, bi lehengai horien horniduran arazoak sor daitezkeela uste dutelako. Hala izatera, kaltetu nagusia Europa litzateke,Libiaren esportazioen %80ren helmuga delako.
Horrek, urre beltzaren salneurria azken bi urte eta erdiko mailarik handienera eraman du nazioarteko merkatuetan. Londresen, petrolio upela astelehenean baino %12 garestiago salerosi zen atzo. Urtea hasi zenetik, berriz,%21eko garestitzea izan du. Eta horrek guztiak eragina du burtsetan ere, ekonomiaren onbideratzea moteldu lezakeela uste dutelako.
Liskarrak zabaltzearen beldur
Baina, petrolioa garestitzearen arrazoi bakarra ez da Libiak esportazioak geldiaraziko dituen mehatxua. Bada kezka handiagoa eragiten duen beste kontu bat, liskarrak beste herrialde batzuetara zabaltzea, hain zuzen, Iran eta Saudi Arabia izan daitezkeelako hurrengoak.
Libiak esportazioak geldiaraziko balitu, Europako zenbait herrialdek estualdiak pasatu beharko lituzkete, hornidura arazoak izan ditzakeelako. Adibidez, Italiak kontsumitzen duen petrolioaren erdia Libiatik dator, eta Alemaniak eta Frantziak kontsumitzen dutenaren laurdena inguru ere bai. Baina, arazoa askoz larriagoa litzateke esportazioak eteten dituen herrialdea Saudi Arabia balitz, munduko erreserben erdia baino gehiago bereak dituelako.
Merkatuak baretu nahian, lasaitasunerako mezua igorri du Energiaren Nazioarteko Agentziak. Petroliorik ez dela faltako ziurtatu du, ezta hornidura murrizketa handiak izanda ere. «Behar adina petrolio egongo da erabilgarri».
Une bateko hornidura arazorik sortuko balitz, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak ekoizpena handitzeko gaitasuna baduela adierazi du Wilson Pastor Ekuadorko Baliabide Natural Ez Berriztagarrien ministroak ere. «Petrolio gehiago ekoizteko gaitasuna instalatuta dute herrialde batzuk». Horrenbestez, lasai egoteko eskatu du: «Ikus dezagun zer gertatzen den datozen egun eta asteetan».
Momentuz, ordea, ez du ekoizpena handitzeko asmorik iragarri LPEEk. Eta gauzek okerrera egin ezean, ez dirudi datozen egunetan ere egingo duenik. Herenegun bildu ziren erakundea osatzen duten hamabi herrialdeetako ordezkariak —Libiakoak eta Saudi Arabiakoak barne— beste hogeita zortzi herrialdetako ordezkariekin —tartean, Europako Batasunekoak, Txinakoak, Indiakoak eta Brasilgoak— Riaden, Saudi Arabiako hiriburuan, eta petrolio merkatuak gardenagoak eta egonkorragoak izateko akordio bat besterik ez zuten sinatu. Hurrengo bilera, berriz, ekainerako deitu zuten LPEEko kideek.
Bien bitartean, gasolinaren prezioa marka berria egitetik gertu da berriz ere, urtarrilaren 20ko mailara iritsi baitzen atzo. Astebetean%1,28 garestitu da, eta litroa 1,285 euroan dago. Gasolioaere historiako mailarik handienetik gertu dabil, astebetean %1 garestitu ostean. Atzo litroa 1,247 euroan salerosi zen Hego Euskal Herriko zerbitzuguneetan.
Horrelakoetan ohikoa denez, batzuen zoritxarra besteen negozioa izaten da. Eta oraingoan, Repsol da egoerari etekina atera dionetako bat,2009an baino hiru aldiz gehiago irabazi baitzuen zuen iaz.
Urre beltza, zuria baino garestiago
Upelaren prezioa 120 dolarrera iristear da; adituek diote gorantz jarraituko duela herrialde arabiarretako giroa baretu arteanGaitasuna izan arren, momentuz ez duela ekoizpenik handituko esan du LPEEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu