Beherapenak amaitu ziren.BEZaren igoera martxan da. Eta energiaren eta erregaien prezioek gora egin dute. Horiek guztiak islatzen dira urte arteko inflazioaren datuan. INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, urrian %2,3ra iritsi da Hego Euskal Herrian.
Lau herrialdeetan igo dira prezioak, bai irailarekin konparatuta, baita iazko emaitzekin alderatuta ere. Urtebetean, Araban eta Bizkaian izan dute gorakadarik handiena salneurriek: %2,4; azken hilabetean, berriz, Araban, %1,3koa izan dute.
2009ko urritik hainbat produktu daude %10etik gora garestiago: elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak (%12,56), tabakoa (%12) eta ibilgailuekin lotutako ondasunak(%10,25) dira nabarmenenak.
Kontrako muturrean, ikus-entzunezko, argazki eta informatika gailuak daude. Hamabi hilabetean, %5etik gora merkatu dira. Antolatutako bidaiak ere merkeago daude; gainerakoan, produktu gutxiren salneurriak jaitsi dira joan den urtetik.
Euskadiko CCOOk inflazioaren prebisio «errealistagoak» egiteko eskatu du, soldaten erosahalmena ez galtzeko. Sindikatuaren arabera, beharrezkoa da lan hitzarmenetan soldatak berrikusteko aukera ematen duten klausulak jartzea. Horrez gain, enpresei eta herritarrei kredituak emateko «beharrezko neurriak» hartzeko eskatu du.
Europarekin konparatu du egoera sindikatuak. «Euskadiko ekonomiak prezioetan hamar puntuko saldo negatiboa izan du 1996tik. Horrek agerian jartzen du ekonomiak lehiatzeko gaitasuna galdu duela».
Urrian %2,2ra iritsi da inflazioa Hego Euskal Herrian
Erregaien eta energiaren garestitzeak eragin dute, neurri handi batean, salneurrien gorakada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu