Azken egunetako eskandaluaren ostean, Espainiako Gobernuak argitu du azkenean zenbat igoko den argindarraren faktura datorren asteazkenetik aurrera: %2,3. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eman du berria, aurtengo azken ministroen kontseilua amaitu ostean.
Argindarraren prezioa ezartzeko tarte liberalizatuan %1,4 igotzea erabaki du gobernuak —joan den asteko enkantean %11 igotzea erabaki zuten—, eta gobernuari dagokion bidesarien tartean %0,9 igotzea onartu dute. Guztira, %2,3ko gorakada beraz.
Espainiako Lehia Batzordeak atzo proposatu zuen argindarraren prezioa %2 eta %4 artean igotzea, eta kontsumitzaileen elkarteak proposamenaren kontra azaldu ziren. Facua kontsumitzaileen elkarteak esan du "onartezinak" direla bi proposamenak, eta Madrilek eragin dezakeen "kalterik txikiena" argindarraren prezioa izoztea dela gaineratu du.
Ceaccu kontsumitzaile elkarteak, berriz, nabarmendu du CNMCren eskariak —%2-%4 igotzekoak— agerian laga duela argindarraren fakturaren atzean dagoen "ilunkeria".