Urtarrilean baino askoz gutxiago handitu da langabezia otsailean

INEMek emandako datuen arabera, 180.913 langabe daude Hego Euskal Herrian, urtarrilean baino 1.948 gehiago

Miren Garate.
Donostia
2010eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Krisia hasi zenetik hilabeterik txarrenetakoa izan zen aurtengo urtarrila enpleguarentzat. Ezin esan otsaila ona izan denik, langabeziak igotzen jarraitu baitu. Hala ere, aurreko hilabetean baino askoz jende gutxiagok galdu du lana: urtarrilean 10.111 langabe gehiago egon ziren; eta otsailean, 1.948 gehiago. Guztira, 180.913 pertsona daude INEMen izena emanda, biztanleria aktiboaren %13,36 hain zuzen.

Probintziak

Araban ez beste hiru probintzietan gora egin du langabeziak otsailean. Proportzioan, gehien, Gipuzkoan. Urtarrilean baino 549 langabe gehiago izan dira. Urtebeteko datuei erreparatuta ere, herrialde horretan handitu da gehien langabezia, %19,71 hain zuzen. Hala ere, antzera ibili dira besteak ere. Langabezia tasarik handiena, berriz, Nafarroak du. Lan egiteko adinean daudenen %14,15 daude INEMeko zerrendetan.

Sektoreak

Ia egunero izaten dira enplegua erregulatzeko espedienteei edo enpresen ixteei buruzko berriak. Oihartzun handia izaten dute halakoek, baina INEMen datuen arabera, otsailean industrian soilik murriztu da langabezian geratutako jende kopurua. Urtarrilean baino 226 pertsona gutxiago ari ziren lan bila. Langabe guztien %61 zerbitzuen sektorekoak dira, eta otsailean ere han galdu da enplegu gehien. Aurreko hilean baino 1.399 langabe gehiago zeuden. Era berean, eraikuntza sektoreko 219 pertsona joan dira INEMera.

Sexua

Enpleguaren galerak gizonezkoengan eragin handiagoa izan du. Emakumeak baino gehiago dira lan bila dabiltzan gizonak. Ez dago alde handirik batzuen eta besteen artean. 90.475 dira langabezian dauden gizonezkoak, eta 90.438 emakumezkoak. Hala ere, gazteen artean gehiago igartzen da joera aldaketa. 25 urtez azpiko 18.330 langabe zeuden otsailean Hego Euskal Herrian. Horietatik %59, 5 ziren gizonezkoak.

Atzerritarrak

Krisia eragin handia ari da izaten kanpotik lan bila etorritakoen artean. Hego Euskal Herrian langabezian daudenen %13,3 atzerritarrak dira, 24.242 pertsona hain zuzen. Urtebetean %27 handitu da haien langabezia, joan den urtean19.111 pertsona ari baitziren lan bila.

Kontratuak

Batuketak eta kenketak eginda, urtarrilean baino 1.948 langabe gehiago daudela ateratzen da, baina kontratuak ere egin dituzte enpresek azken hilabetean, guztira, 62.174. Horietatik %8,5 soilik izan dira mugagabekoak. Iazko otsailean baino kontratu gehiago egin dituzte enpresek, baina joan den urtean gehiago izan ziren kontratu finkoak egin zituztenak.

Gizarte Segurantza

Otsailean, batez beste, 1.189.752 langile egon dira Gizarte Segurantzan izena emanda. Urtarriletik lau probintzietan egin du gora kopuruak, nahiz eta ez asko. Aitzitik, guztietan jaitsi da kopurua joan den urtetik.

Erreakzioak

INEMek atzo emandako datuen balorazio positiboa egin dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Langabeziak gora jarraitu arren erritmoa moteldu duela nabarmendu dute. «Datuak bat datoz egungo egoera ekonomikoarekin. Gora jarraitzen du langabeziak, baina hazkundea moteltzen ari da», esan du Jose Maria Roig Nafarroako Enplegu kontseilariak. 2008ko otsaileko eta iazko otsaileko datuak are okerragoak zirela gaineratu du. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, langabeziak jarraitzen du oraindik Gobernuaren kezka nagusia izaten.

Aralarrek eta Euskadiko CCOOk datuei buruzko bestelako interpretazioa egin dute. PSE, PP eta UPNren enplegu politikek «porrot» egin dutela esan du Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak, eta egoerari aurre egiteko «neurri solidarioak» eskatu ditu. Haren arabera, ekoizpen eta merkatu egiturek eragin dute krisia. Egoera konpontzeko «azaleko» neurriak bakarrik hartzea leporatu die Gobernuan dauden alderdiei. Loli Garcia CCOOko enplegu eta prestakuntza saileko arduradunaren iritziz, langabeziak gora jarraitzen duen bitartean ez da suspertuko ekonomia.

Espedienteak

Langabeziaren datuak ez ezik enplegua erregulatzeko espedienteei buruzkoak ere jakinarazi zituen atzo Lan Harremanetarako Kontseiluak. Haren arabera, 216 espediente onartu ziren urtarrilean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2009an baino %29,3 gehiago. Baimendutako espedienteen 133 Gipuzkoako enpresek aurkeztu zituzten; 60 Bizkaikoek; eta 23 Arabakoek. Guztira 3.944 langileri eragin diete dosierrek. Gehienak kontratua aldi baterako eteteko izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.