Gaurkotasunaren izenburuetatik atera badira ere, enplegu erregulazioaren erabilera ez da eten Hego Euskal Herriko enpresetan. Dosierren eta eragindako langileen kopuruak ez dira 2009ko lehen seihileko gogorrera hurbiltzen, jarioak etenik ez duen arren. Urtarrilean, gutxienez, behera egin zuten berriro eskaerek, abenduak gorakada adierazgarria izan eta gero.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 169 eskaera baimendu dituzte 2011. urteko lehen hilabetean. Abenduarekin alderatuz, %40 gutxiago izan dira. Eragindako langileak ere nabarmen murriztu dira: 5.000tik 2.200 ingurura; hain zuzen ere, %55 gutxiago. Hegoaldeko administrazioek emandako datuetan ez dira jasotzen Espainiako Lan Ministerioaren eskumena diren erregulazioak.
Joan den urteko lehen hiruhilekoan ere eskaera ugari pilatu ziren. Oraingoz, 2011ko urtarrila joan den urtekoa baino arinagoa izan da, bai espediente eskaerei bai eragindako langileei dagokienez.
Oraindik ere indarrean jartzen diren erregulazio eskaera gehienek lan harremana behin-behinean eteten dute. Hala ere, joan den urritik aurrera lanaldia murrizten duten eskaerek gora egin dutela azpimarratu du Jaurlaritzako Enplegu Sailak. Urtarrilean eredu horretako hamasei eskaera ontzat jo ditu Jaurlaritzak, hamarretik bat.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerari buruz datu zehatzagoak ere jakinarazi ditu Gemma Zabaletak zuzentzen duen departamentuak. Gaur egun, 952 dosier daude indarrean, eta ia bi heren beste erregulazio baten jarraipena dira. Orotara, 17.000 langilek baino gehiagok jarraitzen dute behin-behineko erregulazioen barnean. Gehienak industrian dira, baina zerbitzuetan handitu dira.
Urtarrilean behera egin dute erregulazioek
Dosier kopuruak eta eragindako langileak nabarmen jaitsi dira, abenduan izan zuten gorakadaren ondotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu