Ekonomia

Urtarrilean langabeziak puntu bat gora egin zuen eurogunean eta Europako Batasunean

Eurogunean %8,2koa izan zen langabezia tasa eta %7,6koa EB; horrenbestez, denera 386.000 pertsonek galdu zuten euren lanpostua EBn (256.000k eurogunean). Langabezi tasarik handiena Espainiako Estatuan dago: %14,8koa.

2009ko otsailaren 27a
13:20
Entzun
Eurostat Europako Batasuneko estatistika erakundeak jakinarazi duenez, urtarrilean eurogunean langabezia %8,2ra iritsi zen eta %7,6ra Europako Batasunean (EB). Hala, langabezia puntu bat igo zen urtarrilean bai eurogunean, bai EBn. Urtarrila amaieran, EBn 18.412.000 lagun langabe zeuden; horietatik 13.036.000, eurogunean.

Azken hamabi hilabeteetan langabezia %7,3tik %8,2ra igo da eurogunean. EBn, berriz, %6,8tik %7,6ra egin du gora.

Urtarrilean, 386.000 pertsonek galdu zuten euren lana (256.000k eurogunean). Azken urtean, langabeen kopurua 2.194.000n igo da (1.641.000n eurogunean). 2008ko urtarrilarekin alderatuta, langabezia hemeretzi estatu kidetan igo da, seitan jaitsi da eta aldaketarik gabe mantendu da bitan. Espainia izan zen berriz ere EBko langabezia tasarik altuena izan zuen estatua: %14,8koa.

Langabezia datuak sexu aldetik aztertuz gero, eurogunean gizonezkoen langabezia tasa %7,9koa izan zen (iaz baino %1,4 puntu handiagoa) eta EBn %7,5ekoa (%1,2 puntu handiagoa).

25 urte azpikoen artean ere langabeziak gora egin du. Eurogunean %16,9koa zen langabezia tasa eta %17koa EBn. Bi kasuetan iaz baino %2,3 puntu handiagoa da hori.

Honakoak dira urtarrileko langabezia tasak EBko estatu kideetan



Herbeheereak %2,8

Austria %4,0

Danimarka %4,3

Zipre %4,2

Eslovenia %4,9

Txekiar Errepublika %5,0

Luxenburgo %5,1

Bulgaria %5,3

Errumania %5,8 (2008ko hirugarren hiruhilekoa)

Malta %6,0

Erresuma Batua %6,2 (2008ko azaroa)

Finlandia %6,6

Italia %6,7 (2008ko hirugarren hiruhilekoa)

Polonia %6,7

Belgika %7,2

Alemania %7,3

Suedia %7,4

Grezia %7,5 (2008ko hirugarren hiruhilekoa)

Portugal %8,1

Frantzia %8,3

Estonia %8,6

Hungaria %8,6

Irlanda %8,8

Lituania %9,8

Eslovakia %9,8

Letonia %12,3

Espainia %14,8
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.