Eguberri ondorengo merkealdiaren eraginez, ohikoa da urtarrilean prezioek behera egitea. Hala egin dute Hego Euskal Herrian urtarril guztietan 2002az geroztik, baina inoiz ez aurten bezainbeste. INEren datuen arabera, prezioak %1,2 jaitsi ziren joan den hilabetean. Inflazioa ere ioniz izandako maila baxuenean dago: %1,3an. Halako kopuru txikirik ez dago INEk autonomia erkidegoetako informazioa ematen duenetik, 1979tik alegia.
KPI kontsumo prezioen indizearen jaitsierarik handiena (-%1,4) Nafarroan eta Araban izan dute; Gipuzkoan eta Bizkaian %1,1 jaitsi dira prezioak. Urte arteko inflazioa ere Nafarroan da txikien, %0,9rekin. Beste muturrean dago Gipuzkoa, %1,5eko garestitzearekin.
Ohikoa denez, jantziak izan dira urtarrilean prezioek behera egitearen erantzule nagusiak: %15,1 merkatu dira Bizkaian eta Araban, %14,4 Nafarroan eta %12 Gipuzkoan. Astialdiako ekitaldiak ere merkatu dira -Nafarroan izan ezik-, baita tresneria ere. Urtarrilaren 1ean garraio publiko gehienek tarifak garestitu arren, sektore horretako KPIa jaitsi egin da, petrolioaren merkatzearen eraginez.
Beste muturrean daude edari alkoholdunak, %2tik gora garestitu direlako. Elikagaien prezioak %0,3 igo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta berdin geratu dira Nafarroan.
Espainian ere %1,2 jaitsi dira prezioak urtarrilean. INEk 1960ko hamarkadan datuak biltzen hasi zenetik gertatu den jaitsierarik handiena da. Inflazio tasa %0,8ra jaitsi den arren, David Vegara Ogasuneko Estatu idazkariak gezurtatu egin du deflazioa izango dela. Prezioak hilabete askoan jaistea da deflazioa, eta oso ondorio txarrak izan ditzake, prezioak gehiago jaitsi arte kontsumoa atzeratzen dutelako herritarrek zein enpresek, eta horrek jarduera ekonomikoa asko moteltzen du.
Udan, inflazio negatiboa
Edonola ere, Vegarak aitortu du hilabete batzuetan inflazio negatiboa izatea, baldin eta petrolioak oraingo prezioetan jarraitzen badu. Oso litekeena da hori uda partean gertatzea, iazko uztailean jo zuelako goia petrolioaren prezioak: 147 dolarrean salerosi zen orduan Brent upela, eta 45dolarrean atzo. Azaroaren amaieraz geroztik, 40 eta 50 dolar artean egon da erregaia.
Vegarak dei egin zien sindikatuei prezioen beherakada kontuan har dezaten soldatak negoziatzeko orduan, baina ez zuen proposamen zehatzik egin.UGTk, ordea, ohartarazi zuen urtarrileko KPIak ez duela «aitzakia» izan behar soldatak ere jaisteko. Sindikatu horren arabera, gutxienez %2 igo behar dira, hori delako Europako Banku Zentralaren aurreikuspena. UGTk hitz gogorrak izan ditu enpresaburu batzuentzat, abenduko inflazioa -%1,4 Espainian- baliatu nahi dutelako hitzartutako igoerak ez errespetatzeko.
Euskadiko CCOOk, bestalde, nabarmendu du inflazioa ez dela ekonomia egitura hobetu delako jaitsi, baizik eta ekonomia oso gaizki dagoelako.
Urtarrilean prezioak %1,2 jaitsi dira Hegoaldean, inoiz baino gehiago
Inflazioa %1,3an geratu da, baina Espainiako Gobernuak ziurtatu du deflazio arriskurik ez dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu