Urtarrilean prezioak %1,2 jaitsi dira Hegoaldean

Batez ere, merkealdiak eragin dute kontsumo prezioen indizearen beherakada; inflazioa, %0,8an geratu da

Miren Garate.
Donostia
2010eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ohikoa da urtarrilean prezioek behera egitea, Gabonen ostean, merkealdia hasten delako. Hego Euskal Herrian hala egin dute urtarril guztietan, 2002az geroztik. Aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Prezioak %1,2 jaitsi dira. Joan den urteko datuekin konparatuz gero, aldiz, %0,8 garestitu dira oinarrizko produktuak.

Urteko lehen hilabetean, lau probintzietan egin du behera KPI kontsumo prezioen indizeak. Gehien, ordea, Araban eta Nafarroan: %1,4. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %1,2. Urte arteko inflazioa ere Nafarroan da txikien, %0,5ekin. Beste muturrean dago Bizkaia, %1,1eko garestitzearekin.

Produktuei dagokienez, arropa eta oinetakoetan igarri da jaitsierarik handiena: %15,5 merkatu dira Bizkaian; %15,4 Araban, %14,8 Nafarroan; eta %12,1 Gipuzkoan. Kultura eta aisialdia, eta sukaldeko ontziteria ere merkatu dira. Aldiz, garraioen eta edari alkoholdunen salneurriak aurreko hilabetean baino garestiago daude.

Salmentak behera

Salmentei buruzko datuak ere atzo eman zituen Eustat estatistika erakundeak. Batez beste, %6,7 jaitsi dira 2009ko azken hiruhilekoan. Handizkako merkatarien artean handiagoa izan da beherakada, 2008an baino %6,7 gutxiago saldu baitute. Makineria eta lanabesak saltzen dituztenek igarri dute gehien, %17,5 gutxiago saldu baitute. Txikizkako merkatarien salmentak %2,3 murriztu dira. Lanpostuei dagokienez, sektorean %0,9 langile gutxiago ari ziren.

Datuak negatiboak izan arren, aurreko hilabeteetakoan baino dezente hobeak dira. Iazko lehen hiruhilekoan, esaterako, %17,3 murriztu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako salmentak; bigarrengoan, %18,4; eta hirugarrengoan, %14,7. Hiruhileko guztietan handizkako merkatariek txikizkakoek baino jaitsiera handiagoak izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.