Urtarriletik %2,4 igoko dira pentsioak Hego Euskal Herrian

Prezioek jaitsiera nabarmena izan dute, %3,7tik %2,6ra, eta KPIk %0,3 egin du behera azaroan, Hegoaldean

2008ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Inflazioak jaitsiera nabarmena izan du azaroan Hego Euskal Herrian: urrian %3,7 zen, eta azaroan %2,6an geratu da. %1,1eko alde hori, gainera, inoizko handienetakoa izan da. Pentsiodunei zuzenean eragingo die, azaroko inflazioaren emaitza erabiltzen baita prezioen gorabeheren aldearengatik itzuli behar zaiena kalkulatzeko.

Pentsiodunen erosahalmena galdu izanagatik Espainiako Gobernuak konpentsatu egin behar du alde hori. Hala, urtarriletik aurrera, %2,4ko igoera izango dute, alegia, Espainiako azaroko KPIk beste.Igoera horrek Hegoaldeko ia 600.000 pentsiodunei eragingo die. Hor pentsioen batez bestekoa 886 eurokoa izan da azaroan: 915 eurokoa Bizkaian, 904koa Araban, 884koa Gipuzkoan eta 814koa Nafarroan.

Lurralde guztietan egin du behera inflazioak, baina gehien Gipuzkoan, %3,9tik %2,5era. Araban, %3,8tik %2,7ra jaitsi da, Bizkaian %3,5tik %2,8ra, eta Nafarroan %3,3tik %3,1era. Bosgarren hilabetea da jarraian inflazioak beherantz egiten duela.

Petrolioaren merkatzeak zerikusi handia izan du prezioen jaitsieran. Uztailean Brent upela 147 dolarreraino iritsi zen, eta azaroan 55 dolarretan geratu da. Elikagaien prezioak ere egonkortu dira, aparra bezala igo ostean.

KPI kontsumorako prezioen indizeak ere behera egin du azaroan %0,3. Erregaiarekin lotura zuzena duenez, garraioaren prezioak izan dute jaitsierarik nabarmenena. Aitzitik, arropa eta oinetakoen prezioak igo dira gehien, batez ere, udazken-negu denboraldia hasi delako.

Gipuzkoan izan du KPIak jaitsierarik handiena %0,5, eta ondoren Nafarroan %0,3. Bizkaian eta Araban %0,2 egin du behera.

«Galera ekonomikoa»

Prezioaren jaitsiera horrek pentsioez gain soldata askotan ere eragingo du, ELAren arabera. Sindikatuak uste du oraingo jaitsierak ez duela KPIk aurreko hilabeteetan izandako igoera konpentsatzen: «Soldatak urte bukaerako KPIaren arabera eguneratuko dira, eta bestelako prestazioak azaroarteko KPIaren arabera. Aurreko hilabeteetan ordaintzen egon den gainerako prezio hazkundea ez da kontuan hartzen, eta beraz, berreskuratuko ez den galera ekonomikoa suposatzen du» arrazoitzen du.

Soldatak KPIaren gainetik haz daitezen borrokan jarraituko duela berretsi du ELAk, eta hori krisi ekonomikoari aurre egiteko lagungarri izan daitekeela uste du, kontsumoa handituko duelako.

CCOOk ere KPIaren jaitsierak pentsiodunak kaltetuko ditzakeela uste du, berriz ere igoera handi bat izaten baldin badu, behintzat. Bestetik, KPIa %2ko helburutik urrun jarraitzen duela salatu du: etxebizitzak, hezkuntzak, jatetxeek eta elikagaiek oraindik ere prezio altuak dituztela adierazi du, eta horiek herritarrentzako oinarrizko ondasun eta zerbitzuak direla. Hori dela-eta, Administrazioak irtenbide eraginkor bat bilatu behar duela uste du.

Espainiako Gobernuak iragarri duenez, 2009an ere inflazioak behera egiten jarraituko du. Bai, behintzat, petrolioak merkatzen segitzen badu, eta elikagaien prezioak ere bere horretan mantentzen baldin badira. Horrez gain, garrantzitsutzat jo du kontsumitzaileen poltsikorako prezioen jaitsiera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.