Urtero bezala, urtarrileko malda gogor hasiko da herritarren poltsikoarentzat, datorren urtean ere argindarra gehiago ordaindu beharko baitute. Hala erabaki du, behintzat, Espainiako Gobernuak, zehazki, %3,6 igotzea argindarraren tarifa, batez beste. Gasa, aldiz, portzentaje berberarekin, baina merkatu egingo da. Industria Ministerioaren proposamena Ministroen Kontseiluak onartzen baldin badu, urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroak azaldu duenez, garestitzea ez zaie kontsumitzaile guztiei berdin aplikatuko. kontsumitzaile arruntek %2,5 gehiago ordaindu beharko dute, alegia, 1,1 euro gehiago hilean. Enpresa eta kontsumitzaile handiek, aldiz, «zerbait gehiago» %3,6ko batez bestera ailegatu arte. Gasaren kasuan, faktura 1,5 euro inguru jaitsiko zaie kontsumitzaile txikiei. Ekainera begira igoerarik izango duen jakiteko goizegi dela esan du Sebastianek.
%31 garestitzea nahi du CNEk
Hala eta guztiz ere, Gobernuaren erabakiak ez ditu Espainiako Energiaren Batzordearen (CNE) nahiak guztiz asetuko, horiek tarifa %31 garestitzea proposatu baitzuten azaroan. Kontsumitzaileek argindarra ekoizteak kostatzen duena baino gutxiago ordaintzen dute beren fakturetan, eta horrek urteak joan eta urteak etorri 16.500 milioi euroko zorraedo defizit tarifarioa eragin die argindar konpainiei. Horrela jarraituz gero, 22.500 milioi euroraino igo daitekeela iragarridute.
Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak, berriz, %3,6ko garestitzeari «arrazoizko» kopuru deritzo. Baina argi utzi du argindarren faktura kostuaren araberakoa izan behar duela. Gainera, azken urte hauetan petrolioa «asko» garestitu dela gogorarazi du. Argindarraren kostuen eta KPIaren garapenaren artean ere oreka bat egon behar duela adierazi du Solbesek.
Urtarriletik hasita, argindarra garestitu eta gasa merkatu egingo da, biak %3,6
Batez besteko faktura hilean 1,1 euro garestituko dela esan du Espainiako Industria ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu