Urte hasieratik gasolina %14 garestitu da

Arabako gasolina zerbitzugune batean 95 oktanoko erregai litroak euro bat balio zuen atzo, eta Hego Euskal Herrian batez beste 97 zentimo

joxerra senar
2005eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
N-1 errepidearen 341. kilometroan, Subilla Gasteizen parean gasolina zerbitzugune bat dago. Atzo handik igaro ziren gidariek euro bat ordaindu zutenberunik gabeko 95 oktanoko gasolina litro bakoitzeko. Hego Euskal Herriko beste gasolina zerbitzuguneetan erregai mota hori merkeago dago 97 zentimo, batez beste. Baina ez dirudi urrun dagoenik euro bat ordainduko den eguna, etengabe igotzen ari baitira prezioak urte hasieratik: urtarriletik, gasolioa %12 garestitu da, eta gasolina (95 oktanokoa zein superra) %14.

Ipar Euskal Herrian, aspalditik erregai litroa euro bat baino garestiago dago. 95 oktanoko gasolina litroak 1,1 euro inguru balio du, eta gasolio litro baten truke euro bat baino apur bat gehiago ordaintzen da. Euskal Herrian inoiz baino garestiago daude prezioak, baina Europako Batasuneko beste herrialde askorekin alderatuta, erregaiak merkeago daude ikus alboko irudia. Ekainaren 6ko datuen arabera, Herbehereetan zegoen gasolina garestien (1,345 litro bakoitzeko) eta Letonian merkeen (0,77 euro).

Litekeena da hurrengo asteetan salneurriek gorantz jarraitzea. Petrolioa etorkizuneko merkatuetan salerosten da, eta 60 dolarreko marka abuztuko kontratuari zegokiona da. Gainera, euroak 1,20 eta 1,21 dolarren artean jarraitzen du, eta urre beltza dolarretan kotizatzen denez, horrek are gehiago garestitu ditzake erregaiak. Petrolioaren garestitzeak eta euroaren ahultzeak bat egin dute ekainean, hain zuzen ere, prezioak gehien igo diren hilabetean.

Aste hasieran, Europaren erreferentzia nagusia den Brent petrolio upelak 59 dolarrak gainditu zituen, baina geroztik azken hiru egunetan behera egin du. Atzo 56,20 dolarreraino jaitsi zen Brent upelaren salneurria Londresko IPE merkatuan. Bere aldetik, Texas upela 57 dolarretan salerosi zen New Yorken. Estatu Batuetako Energia departamenduak atzo petrolio produktuen biltegiei buruzko txostena kaleratu zuen. Petrolio eta erregai erreserbak espero baino gehiago igo dira, eta iazkoak baino handiagoak dira. Gainera, Estatu Batuetako findegien ekoizpen ahalmena hobetu egin da, eta horri esker egunero 400.000 erregai upel gehiago ekoitzi ahal dituzte. Udako kontsumoari erantzuteko gai izango ote diren zalantzak dituzte merkatuek. Horregatik atzoko datuek lasaitasuna ekarri zuten.

Munduko ekonomiarentzat arrisku «nabarmena» da

Baina lasaitasuna ez da erabatekoa. Prezioek garesti jarraitzen dute, eta IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, munduko ekonomiarentzat arrisku «nabarmena» dira. Lehen aldiz, petrolioak 60 dolarrak gainditu ditu, baina Claude Mandil IEAko presidentearen arabera, «prezioak ez dira hor geldituko».

Horregatik, ekoizleei dei egin zien berehala petrolio gehiago merkaturatzeko. Erabaki hori batez ere LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen eskuetan dagoela nabarmendu zuen. Horrekin batera, esplorazioak egiteko eta fintzeko ahalemenean inbertitu behar da, IEAren arabera. Horregatik, inbertsio hori erakargarriago bihurtuko duten neurriak eskatu ditu.

Baina esfortzuak ez dira eskaintzara mugatu behar. Mandilen ustez, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko berehalako neurriak hartu behar dituzte gobernuek. Apirilaren amaieran, erregai eskaria jaisteko hainbat neurri proposatu zizkien IEA osatzen duten herrialde industrializatuei. Erantzuna «motel» doa, ordea: «Behar denean gobernuek ez badute erantzuten, erreakzio horrek geroago etorri beharko du, eta mingarriagoa izango da».

Petrolioa 100 dolarretan?

Beste arrisku bat dago. Vasili Petrov Errusiako Ikerketa Estrategikoetako adituaren arabera Irango botere aldaketak «munduko mapa energetikoan erabateko aldaketa ekar dezake». Kontserbadore iraniarren garaipenaren aurrean, AEBek ziurrenik Iranen aurkako zigor neurriak hartuko dituztela eta Iran petrolio merkatutik kanpo gera daitekeelaaurreikusten du Petrovek.

Ondorio lazgarriak izango lituzke, batez ere Asia Ekialdeko herrialdeentzat. Izan ere, Iranek Japoniarekin eta Txinarekin proiektu energetiko garrantzitsuak hitzartuak ditu. Iranek hornidura eteten badu, petrolioa 100 dolarrera irits daitekeela aurreikusten du aditu errusiarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.