"Ekonomiaren zein enpleguaren bilakaera positiboa" azpimarratu du LHK Lan Harremanen Kontseiluaren abuztuko azterketa soziolaboralak. Datu positiboen artean, gainera, nabarmendu du kontratazio berriari dagokionez lan kontratu finkoek indar handiagoz egin dutela gora (+%14) urtea hasi zenetik aldi baterako lan kontratuek baino (+%4,4). Nolanahi ere, ezin da ahaztu kontratazio berrien artean aldi baterakoak direla jaun eta jabe: kontratuen %94,4 izan ziren aldi baterakoak abuztuan, eta %5,6 baino ez mugagabeak, SEPE Espainiako Enplegu Publiko Zerbitzuaren arabera.
Era berean, LHK-k azaldu du ekonomiaren eta enpleguaren bilakaerari esker, lana erregulatzeko espedienteen eraginpean hartutako langileen kopuruak %39,5 egin duela behera, "nahiz eta kontratu amaierek nabarmen gora egin duten hiru lurraldeetan". Gainera, kasu batean izan ezik, kaleratze dosier guztiak enpresa ertain eta txikietan gertatu dira. Urtarriletik abuztura, 2.632 behargini eragin diete lana erregulatzeko dosierrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: horietatik 1.755 aldi baterako erregulazioak izan dira, eta 609 kaleratze dosier.
Negoziazio kolketiboari dagokionez, 373.757 langilek jarraitzen dute lan hitzarmena gaurkotu gabe (%65,3), eta gaurkotuta daukaten 198.703 (%34,7) beharginen kasuan, soldaten igoera %1,39ra iritsi da abuztuan. Bestalde, EAEko urtetik urterako KPIa %1,8ra ailegatu da abuztuan.
Halaber, LHK-k esplikatu du BPG barne produktu gordina %2,9 hazi zela bigarren hiruhilekoan, "barne eskariaren bultzadari esker". Sektore ekonomiko guztiek egin dute gora, nekazaritza eta arrantza sektoreak izan ezik.
Bestetik, abuztuan langabeziak %6,9 egin du zuen behera, eta Gizarte Segurantzako afiliazioek eta jakinarazitako kontratazioek gora egin zuten: %1,9 eta %5,6, hurrenez hurren.