Poliki-poliki, baina igotzen ari da Euriborra. %1,495ean amaitu du hilabetea hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizeak. Kontuan hartuta iazko urria, %1,243an zegoela, 30 urtean ordaintzeko 120.000 euroko hipoteka dutenek, hilero 25 euro gehiago ordaindu beharko dituzte aurrerantzean. Hau da, 300 euro gehiago urtebetean.
Hilabete askoan behera egin ostean, badirudi martxoan jo zuela beheko muga Euriborrak. %1,215 egin zuen. Ordutik hilero egin du gora. Irailean izan zen salbuespen bakarra, baina orduan ere milaren bat bakarrik jaitsi zen indizea. Adituen arabera, datozen hilabeteetan ere bide beretik jarraituko du. Dena den, ez da espero hipoteken garestitze izugarririk, besteak beste, Europako Banku Zentralak interes tasak igoko dituenik.
Euribor merkeak eraginda alde batetik, eta batez ere jendearen beharrengatik, etxebizitzen merkatua hasi da suspertze zantzuak ematen, Asconbi Bizkaiko eraikitzaileen elkartearen iritziz. 5.013 etxe saldu dira aurtengo lehen sei hilabeteetan, aurreko urtean baino 786 gehiago, hain zuzen. Alde handia dago etxe berrien eta erabilitakoen artean. Aurrenekoen salmentak %17 murriztu dira, bigarren eskukoenak, berriz, %51 igo.
Batez beste, 3.797 euro ordaindu dute herritarrek etxe berriaren metro koadroagatik, iaz baino %4,9 gutxiago. 397 egun behar izan dituzte eraikitzaileek saltzeko, hau da, iaz baino hiru hilabete gehiago. Bigarren eskuko etxearen metro koadroa 3.464 euroan saldu da, iaz baino %4,5 merkeago. 298 pasatu dira, batez beste, saldu artean.
Etxebizitzen merkatua mugitzen hasi den arren, sektorearen egoera larria dela esan du Iñaki Urresti Asconbiko kudeatzaileak. Urtean 1.100 etxe egiten dituztela jakinarazi du. «Historiako mailarik txikienean gaude». Administrazio publikoei laguntza eskatu die. Gaur egun geldirik dauden lanak martxan jartzea nahi du.
Urtean 300 euro inguru garestituko dira 30 urtean ordaintzeko hipotekak
Euriborrak %1,495ean amaitu du urria, eta, adituen arabera, igotzen segituko du aurrerantzean ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu