Urtetik urtera, eta hilabetetik hilabetera, gero eta pentsiodun gehiago daude Hego Euskal Herrian. Biztanleriaren zahartzearen eta bizi itxaropenaren luzatzearen ondorio naturala da, eta halaxe baieztatu dute gorako joera hori Espainiako Gizarte Segurantzaren gaurko datuek. Joan den urtarrilaren 1ean 2017ko egun berean baino %1,5 pentsiodun gehiago zeuden Hegoaldean: 681.719.
Pentsiodun kopuruaren igoera nabarmena izan da mende hasieratik. 2000. urteaz geroztik %30,2 pentsiodun gehiago daude: 158.113 gehiago.
Hamazortzi urte horietan, gainera, asko igo da batez besteko pentsioa: bikoiztu egin da. 2000. urtean 574,4 eurokoa zen, eta aurten 1.138,20 eurokoa da. Igoera logikoa da hori ere, azken urteetan erretiroa hartu dutenen soldatak aurreko belaunaldikoak baino oparoagoak izan direlako oro har, eta egindako kotizazioaren arabera igo zaizkie pentsioak ere.
Horren guztiaren ondorioz, nabarmen igo da Gizarte Segurantzak Hegoaldeko pentsioak ordaintzeko ordaindu beharreko kostua ere. Bikoiztu baino gehiago egin da, egungo 775,9 milioi euroraino —300,8 milioi eurokoa zen kostua 2000. urtean—.
Lurraldeka
Azken urtean Arabak irabazi du pentsiodun gehien (+%2,6), eta gorakada antzekoa izan da gainontzeko lurraldeetan: Bizkaian eta Nafarroan, %1,4koa; eta Gipuzkoan, %1,3koa. Batez besteko pentsioa, bestalde, paretsu igo da 2017ko urtarrilaren 1etik aurtengora: %2 egin du gora lurralde guztietan, Araban izan ezik (+%1,9).