Lantokitik at 366 egun daramatzate Errenteriako Sabeco supermerkatuko 52 beharginak. Bi izan ezik, emakumeak dira guztiak. Pilatutako haserrealdia Arabako hiriburura eramatea erabaki zuten atzo, greba hasi zuten eguneko urtemugaren biharamunean. Emakunderen egoitza zuten helburu. Ez dute ulertzen gehienak emakume izanik Emakumearen Euskal Erakundeak ez entzunarena egitea haien arazoari.
Generoak badu zerikusirik gatazkarekin. Hala uste dute, behintzat, grebalariek. Auchan taldearen barruan dago Sabeco, eta Gipuzkoan supermerkatu bakarra du, Errenteriako Alfonso XI.a kalean. Bizkaian, berriz, beste 22 saltoki ditu Auchanek. Herrialde horretan bere beharginei elikagai sektoreko tokiko hitzarmen kolektiboa ezartzen die. Errenteriako langileek gauza bera eskatu zuetenean, enpresak ezetz esan zien, eta Espainiarako hitzartuta dauden edukien menpe daude.
«Emakumeak direlako ausartzen da enpresa tratu hori ematen», azaldu du Iñigo Zubeldia ELAko ordezkari eta grebalarien bozeramaileak. Laneko baldintzetan diskriminazio hori agertzen dela uste du, halaber. Hileroko soldata 730 eurokoa da, aparteko bi ordainei dagokion parte proportzionala sartuta. Hasieratik aldarrikapenari eutsi diote: Gipuzkoako elikagaien sektoreko itunaren arabera lan egin nahi dute. Hori izan zen lanuztea abiatu zuen txinparta.
Pegatinaz josita
Gasteizko txangoan grebalariak ez ziren bakarrik egon. ELA eta LAB sindikatuek deituta, beste ehunka langilek bat egin zuten protesta ekitaldiarekin. Europa Jauregitik abiatuta, hiriguneko kale nagusiak zeharkatzea zen asmoa. Tartean, Sabecok Errota auzoan duen saltokiaren aurrean geldialdia egin zuten. Dendaren aurrealdea grebaren berri ematen zuten pegatinez josita utzi eta gero, Emakundeko egoitza zen hurrengo geltokia.
Lanuzte luzea izaten ari da, aspaldiko luzeena Euskal Herrian. Duela hilabete batzuk konpontzeko abagune bat ireki zen, Eroski taldeak Errenteriako supermerkatua erosteko asmoa agertu zuenean. Trukean, Espainian dituen beste sei saltoki emango zizkion Auchan kateari. Borondatetik haratago, akordioa irmoa da, eta dagoeneko lehiaren defentsako erakundeen baimena ere badu.
Alta, salerosketa gauzatu aurretik, baldintza bat ezarri dio Eroskik Sabecori: greban dauden langileekin auzia konpondu behar du. Proposamen bat ere mahai gainean jarri du Mondragon korporazioko banaketa taldeak: langile guztiak kooperatibista bihurtzea. Eroskiren eskaintzak, ordea, ez ditu langileak asebetetzen. «Soilik hamabi lagunek Errenterian lan egitea bermatzen du, gainontzeko guztiak beste norabait eramango lituzke. Gehiegi da», argudiatu du Zubeldiak. Langile orok egun duen lanpostuarekin jarraitzea nahi dute.
Eskaera Emakunderi
Martxaren amaiera hurbildu ahala, gero eta indartsuagoak izan ziren Emakunderen aurkako oihuak. Grebalarien ordezkaritza bat egoitzara igo, eta eskaeren berri emateko idazkia utzi zuten. Kalean, Emakundeko ataria eta ondoko paretak pegatinaz josi zituzten berriro. Urtebeteko haserrealdiaren lekuko bihurtu ziren hormak.
Urtebeteko haserrea, Emakunderen atarian
Lanuzte mugagabean 366 egun igaro dituzte dagoeneko Errenteriako Sabeco supermerkatuko langileek, ia guztiak emakumeak; haien egoeraz deus jakin nahi ez izatea egotzi diote Emakumearen Euskal Erakundeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu