Urteko azken hiruhilekoan, langabezia tasa %11,2ra iritsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustat estatistika erakundeak gaur jakinarazi duenez. Urtea 5.500 langabe gehiagorekin bukatu da, beraz. Guztira, 116.900 lagun daude lanik gabe.
Sektoreka, 4.550 langile gutxiago daude industrian, 2.900 eraikuntzan, 2.000 zerbitzuetan eta 400 nekazaritzan.
Bizkaiak izan du igoerarik nabarmenena: 3.300 langabe gehiagorekin hasi du urtea, eta bertako langabezia %14,2 da orain. Gipuzkoan eta Araban, %8ko eta %7,3ko tasa dute, hurrenez hurren.
2010eko datuekin alderatuta, 12.700 langabe gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, 37.700 etxetan familiako kide guztiak lanik gabe daude. Langabezia tasarik handiena gazteen artean dago, %24,2.
SPEE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako datuen arabera, langabeziaren datua kezkagarria da Nafarroan ere, abenduan Hego Euskal Herrian izan diren langabeetatik hiru laurden (%72,5) Nafarroan izan baitira. Abendu bukaeran, 46.946 lagun zeuden lanik gabe Nafarroan.
Hego Euskal Herrian, guztira 192.340 dira langabeak.