Aparteko ahalegina iragarri zuen uda aurretik Eusko Jaurlaritzak gastua gutxitzeko, eta neurri horiei esker orain arte 300 milioi euro baino gehiago aurreztu dituztela jakinarazi zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Kopuru hori aldakorra da, eta baliteke urte amaiera bitartean gora edo behera egitea, zerga bilketak azkenean duen bilakaeraren arabera.
Patxi Lopezen gobernuak aurrekontuetako 1.200 diru sail baino gehiago berriro aztertu ditu. Kasu batzuetan, aurreikusita zeuden kredituak murriztu ditu, eta beste batzuetan zuzenean gastua atxiki du, atzeratu edo bertan behera uzteko asmoz. Beste neurri tekniko batzuek ere eragin handia izan dute aurrezkian. Hala, sail batetik dirua soberan geratu bada beste sail batera lekualdatzea debekatu die gobernuak departamentuei.
Urte amaieran murrizketa «are handigoa» izan daitekeela argudiatu zuen Agirrek. Oraindik zerga bilketaren itxiera ez da kalkulatu, eta horrek ondorio zuzenak izango ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoen kontuetan. Oraingoz albisteak gazi-gozoak dira. Arabak eta Gipuzkoak ohartarazi dute ez dutela espero bezain beste bilduko —bien artean 540 milioi gutxiago—, eta gastuak murriztuko dituzte. Bizkaiak, ordea, bilketaren ustekabeko gorakada jakinarazi du abuztuan, eta aurrekontua betetzeko gai izango dela ziurtatu du.
Zergak Koordinatzeko Organoa gaur bilduko da. Bilketaren egungo egoera eta datozen hilabeteetara begirako bilakaera aztertu beharko du. Aurrekontuak egiteko erabili ziren aurreikuspenak zenbatean beteko diren erabakigarria izango da administrazioek artaziak noraino sartu behar dituzten finkatzeko. Patxi Lopez lehendakariak fiskalitateri buruz foru aldundiei aurkeztu zien proposamena eramango du Jaurlaritzak bilerara, halaber.
Altxortegi arazorik ez
2011 urteko defizita orekatu ahal izateko baimendua zuen zorpetzearen parte esanguratsu bat erabili gabe jarraitzen du Jaurlaritzak. Oraingoz ez dutela inolako premiarik ziurtatu zuen Agirre sailburuak, eta altxortegian urtea amaitu arte bitarteko beharrak estaltzeko adina diru dutela nabarmendu zuen.
Zorraren parte bat Europako Inbertsio Bankuaren maileguetan bideratu dute, finantzaketa bide «merkea» delako. Haatik, eurogunearen krisiak merkatuetan beste jaulkipen bat zuzenean egitea arriskutsu bihurtu du. «Bankuek esaten digute ez dugula saltzeko arazorik izango, baina arazoa prezioa da». Interes tasak eta arrisku hobariak gora egin dute nabarmen, eta hori Europako hegoaldetik zorpetzeko edozein jaulkipen zeharo garestitzen ari da.
Hazkunde gutxiago
Urteko bigarren hiruhilekoan ekonomiak izan zuen bilakaerari buruzko agerraldia egin zuen atzo Carlos Agirrek, Gobernu Kontseiluaren ondoren. Apirila eta ekaina bitarteko datuek agerian utzi dute susperraldiaren erritmoa moteldu dela. Horrekin batera, nazioarteko egoerak okerrera egin du, eta urteko hazkunde aurreikuspena murriztuko du gobernuak. Barne produktua ez da %1,4 haziko, baina zenbat gutxiago izango den oraindik ez du garbi Ekonomia Sailak, ziurgabetasun handia ikusten duelako. «Ezin dut esan %1era iritsiko garen edo ez», ohartarazi zuen sailburuak.
Merkatuetako zalapartak ez duela laburrera begirako ondoriorik izango uste du Jaurlaritzak. Hori dela eta, 2012 urteko aurrekontuak prestatzeko ekainean prestatu zituen irizpideak ez ditu oraingoz aldatuko. Finantza esparrukoak ez diren gastuak %2 murriztea erabaki du. Ondorioz, aurten baino 203 milioi euro gutxiago izango ditu gastatzeko. Funtzionamendu gastuak ere %5 jaitsiko ditu. Hori guztia lortzeko, EAEko ekonomia %2 hazi beharko litzateke.
Apirila eta ekaina bitartean industriaren eta kontsumo pribatuaren bultzadak behera egin zuen. Eraikuntzaren erorketa sakondu zen, gainera. Enplegua sortu zen, baina lanpostu sorrera «ahula» espero du gobernuak.
Urteko gastuetatik 300 milioitik gora murriztu ditu orain arte Jaurlaritzak
Aurtengo hazkunde aurreikuspena jaitsiko du gobernuak, baina ez ditu moldatuko heldu den urterako kalkuluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu