Beltza gertatzen ari da urtea lan istripuei dagokienez. Ondarroako izotz lantegiko leherketan bi lagun hil dira gutxienez, eta, horrenbestez, hamalau dira beharrean hildakoak, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera. Ondarroako lantegian, beste behargin bat desagertuta dago, eta haren patuak are larriagoa egin dezake istripua. Gaurko ezbeharraren aurretik, garraiolari autonomo bat hil zen martxoak 4 zituela: furgonetarekin izandako istripuan kolpe handia hartuta zendu zen, Beran (Nafarroa). Urteko lehen behargina, berriz, Otxandion hil zen. Maderas Kepa Atutxa enpresako langilea zen; zuhaitz mozketan ari zela, arbola batek harrapatu zuen.
2016. urtea, beraz, gaizki hasi da lan istripuei dagokienez. Izan ere, aurreko urteko epe berean lau hildako baino ez ziren izan lan istripuz. Aurten, zerrenda hori halako lau izango da kasik. Eta, hala ere, 2015. urteak zenbaki kezkagarriak utzi zituen lan istripu hilgarriei dagokienez. 54 heriotza jaso zituen LAB sindikatuak; 2007tik gaur arte Euskal Herrian gertatutako lan istripu hilgarri guztiak jasota dauzka, haiek nola gertatu diren azalpen labur batekin. Bada, iazko markak eten egin zuen lan istripuen beheranzko joera, 2014an eta 2013an 35na hildako zenbatu baitzituen LABek. Edonola ere, urrun geratzen dira duela urte batzuetako datuak; 2007an, esaterako, 125 hil izan ziren lanean, eta 2008. urtean, 112.
Azken urteetan izandako lan istripuen beherakada jarduera ekonomikoaren gainbeherarekin lotuta dagoela azaldu dute sarritan sindikatuek; alegia, lantegietan, eraikuntza eta bestelako lanetan behargin gutxiago daude jarduera apalagoa egiten, eta horrek azalduko luke 2007ko 125 hildakotik 2014ko 35erako jauzia.
Era berean, 2015. urtean gertatutako hildakoen hazkundeak sindikatuen tesi hori indartuko luke. Aurreko urtean jarduera ekonomikoa hazi egin da, eta, horrekin batera, baita lan istripu hilgarriak ere. 35etik 54ko jauzia egon da urte batetik bestera, %54ko igoera.