Urteko hirugarren hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira EAEn

Eustaten datuen arabera, urtebetean 9.200 langabe gehiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Erredakzioa
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Langabeziak jaisten jarraitzen du apiriletik, tantaka bada ere. Hala erakusten du Eustaten Biztanleria Aktiboaren Inkestak: urteko bigarren hiruhilekoan baino 2.400 langabe gutxiago besterik ez dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horrela, langabezia tasa puntu bat jaitsi da, %11,8ra heldu da. Langabezia jaistearekin batera, lanpostuen galera nabarmena izan da.

Apiriletik ekainera 2.000 enplegu sortu ziren arren, uztailetik irailera 9.100 lanpostu galdu dira. Jaitsiera are esanguratsuagoa da kontuan hartuta urteko lehen hiruhilekoan dagoeneko 16.400 lanpostu galdu zirela. Bereziki emakumezkoen artean nabaritu da jaitsiera, bigarren hiruhilekoan baino 6.700 landun gutxiago baitaude.

Lurraldeen artean aldeak ageri dira: Bizkaian 2.200 langabe gutxiago daude (%14,2ko tasa) eta Gipuzkoan 700 langabe gutxiago (%8,5eko tasa); Araban, berriz, handitu egin da kopurua, 500 langabe gehiago baitaude (%10,2ko tasa). Duela urtebeteko datuekin alderatuta, langabezia 1,2 puntu igo dela ondoriozta daiteke; hau da, 9.200 langabe gehiago daudela.

Sektoreei erreparatuz gero, bada hiru hilabeteetan enplegua sortu duenik, baita galdu duenik ere; galerak, hala ere, dezente handiagoak izan dira. Zerbitzuen arloan galdu da lanpostu gehien, ostalaritzan sortutako lanpostuak uda amaierarekin bukatu direlako. Hain zuzen, 9.500 landun gutxiago zenbatu dituzte uztailetik irailera. Industrian ere enpleguak galdu dira, 1.200, hain justu; eraikuntza eta nekazaritza, berriz, lanpostuak sortzeko gai izan dira —1.600, guztira—. Nekazaritza izan da bi hiruhilekoz jarraian enplegua sortu duen sektore bakarra; industria dago balantzaren beste aldean, sei hilabeteko galerekin.

Azken datuek diote kide guztiak langabezian dituzten familiak 42.900 direla (%5), bigarren hiruhilekoan baino 1.900 gehiago. Kide guztiak lanean dituzten familia kopurua, aldiz, jaitsi egin da, bigarren hiruhilekotik 4.700 familia gutxiago baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.