Aldaketa praktikoa zena, aldi berean, oso sinboliko bihurtu zen. Bilboko erakustazoka zaharra Barakaldora mugitzea erabaki zuten. Euskal industriaren ikur handiena, Bizkaiko Labe Garaiak, zegoen tokian eraki zen BEC Bilbao Exhibition Center. Industria astunetik zerbitzu ekonomia moderno baterako jauzia irudikatzen zuen, nahi edo ez, azpiegitura erraldoi berriak.
Hamar urte geroago urtemuga gazi-gozoa izango du BECek: eraikin eta instalazio paregabeak eskaintzen ditu, baina ez du lortu jarduerekin betetzea, eta sostengatzen duten erakunde publikoentzat etenik gabeko gastu iturri bihurtu da.
Komeni da sortu garaiko giroa gogoratzea. Ez zen lekualdaketa hutsa izan. Obra handinahitsu bat egiteko helburua zuten, hasieratik, lau bazkideek: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Merkataritza Ganbera eta Barakaldoko Udala. Zorabiatzeko moduko datu eta zifrak zabaldu ziren orduan. 251.000 metro koadro ditu erakustazokak, San Mames berriko 36 berdegune osorik sartzeko adina. Lanetan erabilitakoa ere azpimarratu zuten: lau Eiffel dorre eraiki ahal izateko bezainbesteko altzairua. Sei pabiloi erakusketak paratzeko eta ekitaldiak egiteko, horien artean, Bizkaia Arena, askotariko ekitaldiak — kontzertu handiak edo kirol partidak — egiteko espazio berezia.
Nola ordaindu zen hori guztia? Finantzaketan dago gaur egungo buruhausteen arrazoietako bat. Guztira, 477 milioi gastatu zituzten erakundeek erakustazoka zutik jartzeko, EAEko Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako datuen arabera. Diru gehiena, 400 milioi euro, kreditu bidez eskuratu zuten. Hiru kreditu ziren, hain zuzen ere. BEI Europako Inbertsio Bankutik 250 milioi eskuratu zituzten, eta beste 150 milioi hainbat bankurekin hitzartutako bi kreditu sindikatuetatik. 2012. urte amaieran 353 milioi zor zitzaizkien finantza erakundeei.
Diru sarrerak, behera
Zorpetzeari aurre egiteko, urtero Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana 24 milioi jartzea aurreikusita zegoen, 2027. urte arte. Haatik, erakustazokaren finantza beharrak handitu dira urtetik urtera, zorpetzea alde batera utzita bere negozio propioan ere galerak pilatu dituelako.
Negozio sarrera garbiei erreparatuta, 2004, 2006, eta 2008. urteak izan dira emankorrak BECentzat. Ez da harritzekoa, urte horietan azokarik handiena egiten delako: Makina-erremintaren Biurtekoa. Haatik, krisi ekonomikoak ere gogor jo du azoken sektorea, eta diru sarrera geroz eta urriagoak sartu ditu kutxan Barakaldoko azpiegiturak. 2012. urtean, esaterako, 11,6 milioi izan ziren, lau urte lehenago lortutakoaren erdia. Galera horiek ere estaltzen aritu dira Jaurlaritza eta aldundia, azken urteotan. Zorra itzultzeko gastuak aintzat hartzen badira, galera garbiak 35-40 milioi euroren bueltan daude urtero.
Emaitza ekonomikoak ez dira onak. Hau da, BEC ez da gai bere jardueren bidez galerarik ez izateko. Kritika horri aurre egiteko asmoz, azpiegiturak duen eragin ekonomikoan bilatu dute babeslekua arduradunek. Hain zuzen ere, barne produktu gordinari 754 milioi euro gehitu dizkiola argudiatu dute, 2004. eta 2013. urteen artean. Joan den urtean, gainera, urteko bi herenetan jardueraren bat egon zela adierazi dute. Inkesta baten emaitzak ere argitaratu dituzte, eta, horren arabera, bizkaitarren %74k uste dute erakustazoka aktibo bat dela "aberastasuna erakartzeko".
Iazko kontuen xehetasunak ez dira oraindik argitaratu. BECeko kontseiluak jakinarazi zuen bakarra da galera operatiboa —EBITDA bidez neurtzen dena— 5,7 milioi eurokoa izan dela. Hori da galera zorpetze interesak, amortizazioak, edo zergak aintzat hartu gabe. Hots, jarduera propioen egoera.
Plana eta negoziazioa
Galerak galera, BEC "estrategikoa" dela esaten du oraindik Jaurlaritzak. Hori bai, finantza egoera bideratzeko, ekintza plan bat jarri zuen martxan duela hilabete batzuk. Helburua da 2016an galera operatiborik ez izatea. Oraingoz, aurten gastuetan 1,2 milioi aurreztuko dituztela iragarri dute.
Beste arazo bat dute aurretik erakundeek. Aurten amaituko da bankuei 150 milioiko kreditua bueltatzeko epea. Epemuga berri bat ari dira negoziatzen, eta ekainerako espero da argitzea zenbat kostatuko zaien finantzaketa hori.