diru pOLITIKA

Uste baino diru gutxiago eskatu diote bankuek EBZri

Bigarren likidezia enkanteak ere ez ditu espektatibak bete: 317.000 milioi zituzten bankuek eskura, eta 130.000 milioi baizik ez dituzte eskatu. 

Mario Draghi, Europako Banku Zentraleko presidentea. BORIS ROESSLER / EFE
Iker Aranburu.
2014ko abenduaren 11
12:37
Entzun

Mahaian kolpe sendo bat eman nahi zuen Mario Draghik, baina kolpetxo bat baizik ez zaio atera. TLTRO programaren bidez, nahi beste diru merke (400.000 milioi euro) eskaini die euroguneko bankuei. Finantza erakundeek ez dute aukera guztiz baliatu, jarritako diruaren ia erdiak (178.000 milioi) mahaian jarraitu duelako. 

Huts egin zuen iraileko enkanteak, bankuak 82.601 milioi eskatzera mugatu zirelako. Operazio hori goizegi zetorrela argudiatu zuten orduan analistek, bankuak urriko estres azterketen emaitzen zain zeudelako. Igaro dira estres azterketak, baina abenduko TLTROak ere ez du uste zuten emaitza eman: 129.800 milioi eskatu dituzte, analistek espero zituzten 170.000 milioietatik oso behera.

Bankuek likideziarako egarri handirik erakutsi ez duten arren, artean badituzte aukera gehiago diru merkearen aukera baliatzeko. Hurrengo bi urteotan beste sei enkante izango dira. Eskaintza horiek arrakasta izateko giro ekonomikoak aldatu beharko du; bankuak kexu dira mailegu eskaera apala dagoela, eta haren zati bat ez dela fidagarria., 

Aurreko urteotan egin izan ditu beste enkante batzuk EBZk, baina oraingoak badu berezitasun bat: jasotako dirua batez ere enpresa txiki eta ertainei maileguak ematera bideratu behar dute finantza erakundeek. Aurrekoetan bankuek, batez ere Espainiakoek eta Italiakoek, carry trade egiteko baliatu zuten EBZren dirua, hau da, mailegua merke hartu eta harekin orduan interes tasa handiak ematen zituen zor publikoa erostea.

TLTROren emaitza apala ikusita eta indarrean jarritako beste neurriek ekonomia suspertzeko askorik ez dutela egin ikusita, zor publiko erosketa handia egiteko aukera aztertzen ari da EBZ. Baliteke urtarrilaren 22ko bileran egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.