Enpresak

Uvesco taldea %2,8 hazi da, eta 221 enplegu berri sortu ditu 2015ean

BM eta Super Amara markako supermerkatu taldeak  627 milioi euroko salmentak izan ditu, eta aurten %5 haziko dela aurreikusi dute.

Uvescoko langileak haragia zatitzen Irungo Araso industrialdeko plataforma logistikoan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2016ko otsailaren 2a
13:31
Entzun

Uvesco taldeak olatu ona hartu zuen krisi hasieran supermerkatu eredu zehatz baten alde egindako apustua tarteko, eta azken urteetan  izan duen hazkundea bertako produktu freskoa eta bezeroaren gertutasunean oinarritutako eredu horrek azaltzen du. Hala esan du gaur goizean Jose Ramon Fernandez de Barrena taldeko zuzendari nagusiak. Uvescok %2,8 igo du fakturazioa 2015ean, 627 milioi eurora arte, eta aurten %5 haziko duela uste du zuzendariak, 658 milioira arte.

"Suspertze ekonomikoz hitz egin dezakegu. Kontsumoa igo egin da, modu lasaiean bada ere. Supermerkatuak gara termometroa, eta gu baikorrak gara, zuhurtziarekin bada ere", esan du Fernandez de Barrenak. Suspertze hori taldean sortutako enpleguan islatu da. 221 lanpostu berri dauzkate BM eta Super Amara supermerkatuek, eta dagoeneko 3.789 langile ditu taldeak. Aurten sei denda berri ireki dituzte 25 milioiko inbertsioarekin. Gaur egun 198 dira Uvescoren supermerkatuak.

2016. urtea gainera, inbertsio handien urtea izango da. "58 milioi euroko inbertsioa egingo du, batez ere plataforma logistikoak martxan jartzeko". Irunen, produktu freskoa banatzeko baliatzen duten plataforma zaharberritu eta handitu egingo dute, eta Castro Urdialesen plataforma logistiko berria egingo dute (21.000 metro). Era berean, sei supermerkatu berri zabalduko dituzte, Irunen, Zumaian, Arrasaten, Gasteizen, Lodosan eta Euskal Herritik kanpo, Logroñon.

BM Shop frankiziak

Olio orbanaren estrategiaz hazi nahi dutela zaldu du Uvescocko zuzendariak, "presarik gabe, eta taldearen eredua kalitatea dela ahaztu gabe". Plataforma logistikoak supermerkatuetatik gertu egotea oinarrizkoa dela gogoratu du Euskal Herritik kanpo hedatuko ote diren galdetuta. Hala ere, Jose Ramon Fernandez de Barrenak ez dio uko egiten lehiakideen supermerkatuak erosteari. "Beste aukera bat da".

Horrez gain, aurten BM Shop frankiziak martxan jarriko dituzte. Dozena erdi bat zabaltzea aurreikusi dute; " baina zenbakia baino gehiago gure eredua zorrotz errespetatzea inporta zaigu". Zuzendariak esan du ez dutela behar eredu frankiziatua hazteko, "gaitasuna daukagulako inbertsio propioa egiteko". Baina ekintzaileen proposamenen zain geratuko dira, BM ez dagoen herri edo hirietako auzoetan BM Shop bat irekitzea interesgarria den ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.