Uztail amaieratik langile bat hil da hiru egunean behin lan istripuz

Langile bat hil zen herenegun Meñakan, zuhaitzak mozteko makina bateko barailek harrapatuta

Gehiengo sindikalaren elkarretaratzea, atzo, Bilbon, IMQren ospitalearen aurrean. MARISOL RAMIREZ / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Uztailaren 29tik zazpi dira. Urte hasieratik 37, sindikatuek emandako datuen arabera. Azkeneko hiru asteetan langile bat hil da hiru egunetik behin lan istripuz. Zerrenda izugarri luzatu da abuztuan, opor garaian, ekonomiaren jarduera apaldu egiten den hilabetean. Azkena 29 urteko langile bat izan zen, herenegun arratsaldean, Meñakan (Bizkaia), zuhaitzak mozteko makina batek harrapatuta.

Langilea Meñakako baso batean ari zen lanean, mendia garbitzen, zuhaitzak mozteko hondeamakinarekin. Makina horrek, hondeamakinen koilararen ordez, barailak ditu, zuhaitzak moztu, adarrak kendu eta zuhaitzak zatitzeko. Osalanek zehaztu du langilea barailen muturreko pieza bat aldatzen saiatu zela, zuhaitz enborren tamainaren neurgailua. Orduan, barailak itxi egin ziren, eta langilea harrapatu zuten, oraindik argitu ez dituzten arrazoiengatik.

Lankideek berehala Ertzaintzari deitu zioten, medikuak ere iritsi ziren, baina hilda zegoen ordurako. Gorpua atzo goizean eraman zuten Bilbora, autopsia egitera. Osalan gertatutakoa ikertzen ari da. Meñakakoa hiru astean nekazaritzan edo baso lanetan hil den bigarren langilea izan da. Uztailaren amaieran langile bat hil zen Iruritan (Nafarroa), traktorea iraulita.

Gehiengo sindikalak —ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru— elkarretaratzea egin zuen atzo Bilbon, IMQ Igualatorio Mediko Kirurgikoaren ospitale berriaren obren aurrean, asteazkenean bertan langile bat hil zela salatzeko.Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea zioen pankartak. Hildako langilea R.J.G.F. zen, 45 urtekoa, autonomoa. Sortzez Burgoskoa zen (Espainia), baina Bilbon bizi zen. Garabi batetik zintzilik zegoen zama erori zitzaion, lauzaz betetako palet bat.

CCOOk urte hasieran Fiskaltzan salatu zituen ospitale horren eraikuntza lanetako baldintza «penagarriak». Esan zuen lanorduak gehiegizkoak zirela eta eraikuntzako lan hitzarmena ez dela betetzen. Bizkaiko eraikuntza enpresa txarrenaren saria ere eman zion San Jose taldeari, IMQko lanengatik, eraikuntzako lan hitzarmena ez betetzeagatik.

LABen iritziz, arazoetako bat da ez direla beharrezko neurriak hartzen segurtasun eta prebentzio araudiak betearazteko, lan istripuen arrazoiak eta arriskuak mugatzeko prebentzio neurriak ezagunak direla uste baitu. Horregatik, administrazioei eskatu die dagokien lana egin dezatela, lan arriskuen prebentzio planak betearaziz eta betetzen ez dituzten enpresak «gogor» zigortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.