Uztaila %5,393an itxita, orain arteko marka guztiak hautsi ditu berriz Euriborrak

30 urterako 160.000 euroko hipoteka dutenek 83 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilero

Miren Garate.
2008ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Ez du aurreko hilabeteetan adinako igoerarik eduki, baina uztailean ere gora egin du Euriborrak. %5,393an amaitu du hilabetea, 1999an indizea martxan jarri zenetik inoizko mailarik altuenean. Kontuan hartuta joan den uztailean %4,564an zegoela, hipoteka egun hauetakoren batean berritzea tokatzen zaienek dezente gehiago ordaindu beharko dute aurrerantzean. Hego euskal herritarrek, batez beste, 160.000 mila euroko maileguak dituzte. Beraz, 20 urteko epean dutenek, hilero 75 euro gehiago pagatu beharko dituzte; 30 urtean ordaintzekoa dutenek, 83; eta 50 urterakoa dutenek, 96.

Adituen arabera, ordea, badaude baikor egoteko arrazoiak. Bost hilabetean jarraian gora egin arren, joera hori aldatzear dagoela diote, eta urte amaierara bitartean %5,15 bueltan ibiliko dela espero dute. Europako Banku Zentralak interes tasak igotzean edo igo ditzakeela merkatuek susmatzean egiten du gora Euriborrak. Oraingoz, ordea, ez dirudi halakorik gertatuko denik, ezta jaitsiko dituenik ere. Inflazioa kontrolatzea da EBZren helburu nagusia, %2 inguruan edukitzea. Zifra hori oso urrun dago, ordea, eta itxura guztien arabera, interesak bere horretan jarraitzearen alde egingo du EBZk.

Inflazioa ere gora

Hain zuzen, atzo jakinarazi zituen Eurostat Europako Estatistika Erakundeak euroguneko inflazioari buruzko datuak. %4,1era iritsi da, Euriborra bezalaxe, inoizko mailarik altuenera.

Maila horretatik gora ere ibili dira hainbat herrialde, besteak beste Espainia. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, uztaileko KPI harmonizatua%5,3koa izan da. 2007an, %2,3koa zen tasa. Datua ez da behin betikoa, Espainiako Bankuak baieztatu beharko du abuztuaren 13an, baina asko jota hamarreko bateko diferentzia egongo da. Ohi bezala, petrolioa eta janaria garestitzea jo dituzte inflazioaren igoeraren arrazoitzat.

Langabezia egonkor

Inflazioaren datuak ez ezik, ekaineko langabeziarenak ere eman zituen Eurostatek atzo. Eurogunean, %7,3koa izan da tasa, maiatzean adinakoa eta iaz baino %0,1 txikiagoa. Azken hilabeteetan, Eslovakian egon da langabe gehien, baina, oraingoan, Espainiak gainditu egin du Eslovakiaren tasa.

Maiatzean hiru hamarren igo ostean, biztanleen %10,7 zeuden han lanik gabe; Eslovakian, %10,5; eta Grezian, %7,8. Langabe gutxien, berriz, Danimarkan eta Herbehereetan zenbatu ditu Eurostatek: biztanle aktiboen %2,6 eta %2,8 hain zuzen. Emakumeen langabezia tasa jaitsi egin bada ere, oraindik gizonena baino handiagoa da, %8,1 eta %6,7, hurrenez hurren.

Hazkunde txikiagoa

BBVAk egindako ikerketa baten arabera, gainera, Espainiako egoera okertu egin daiteke oraindik. Langabezia %14 ingurura iritsiko dela dio azterketak, eta hazkundea ere uste baino txikiagoa izango dela. Aurten, %1,5ekoa izatea espero du; eta, datorren urtean, asko jota, %0,5ekoa. «Mundu mailako etsaiak» jarri ditu horren arrazoitzat, nazioarteko finantza krisia eta petrolioa garestitzea, esaterako. Ekonomia 2009 amaieran hasiko dela bere onera etortzen esan du BBVAk. Halere, hobekuntza «geldo eta apurka» gertatuko dela dio, eta berriro %3ko hazkundea izan arte hiruzpalau urte pasatuko direla gaineratu du.

Dezelerazio azeleratua

Araban, oraingoz, langabezia ez da arazo, soilik %2 ingurukoa baita. Baina SEA Arabako enpresaburuen elkartea kezkatuta dago egungo egoera ekonomikoarekin. Juan Jose Azurmendi patronaleko presidenteak adierazi duenez, «dezelerazio azeleratu» egoeran dago ekonomia Araban. Hala, azkar erremediorik jarri ezean motelaldia handiagoa izango dela ohartarazi du, baita enpleguari eragingo diola ere.

Ekonomia egoerari buruzko udako txostena aurkeztu zuen atzo SEAk. Txosten horren arabera, metal sektorea dago egoerarik onenean. Eta eraikuntza eta egur arloko lantegiak ari dira atzeraldia gehien nozitzen. Urteko bigarren hiruhilekoan, 1.100 langile gehiago ari dira industriaren arloan lanean. Eraikuntzak 1.700 enplegatu galdu ditu. Horrez gain, enpresen %72k onartu duteberen fakturazioa jaitsi egin dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.