Udako sasoian langabeziaren jaitsiera arina gertatu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) eman dituen azken datuen arabera, uztaila eta iraila bitartean %0,3 jaitsi zen langabeen kopurua. Hain zuzen ere, 2.500 pertsona gutxiago dira egoera horretan. Jaitsierak ez du balio urteko bigarren hiruhilekoan gertatu zen igoera orekatzeko: 3.200 lagun gehiago zenbatu zituen Eustatek lanik gabe orduan.
Enplegua sortzeko garai egokia izan ohi da uda, asko aldi baterakoa izanagatik. Gertatu denari buruzko datu kontrajarriak ematen dituzte Eustatek eta Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoek. Eustatek jaitsiera ikusi duen tarte berean 4.000 lagun gehiagok izena eman dute INEM zeritzonaren bulegoetan, lan bila. Bi erakundeek emandako datuen artean aldea egotea ez da berria, eta langabezia neurtzeko sistemak ezberdinak dira. Eustatek inkesta bat erabiltzen du biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko, eta enplegu zerbitzuek lan eske joan zaizkionen errolda jasotzen du, izenez izen.
Edozein modutan, orain dela urtebete baino pertsona gehiagok jarraitzen dute beharrik gabe: 7.000k, hain zuzen ere. Krisi ekonomikoak enpleguan izan duen eragina neurtzeko, esanguratsuagoa da orain dela bi urteko datua. Lehman Brothers erori zenean baino 56.000 langabe gehiago daude orain.
Kopuru orokor horiek populazio aktiboaren aldean jarrita, langabezia tasa %8,8koa da. Eustaten inkestak tasa handiagoa ematen die gizonei (%9,5), emakumeekin alderatuz (%7,9). Azken hiruhilekoan 3.000 langabe emakume gutxiago zenbatu ditu; gizonen artean, 500 gehiago geratu diren lanik gabe. Araban igo da soilik langabezia. Tasari dagokionez, beste bi lurraldeak baino ia hiru puntu gutxiago ditu Gipuzkoak (%6,7).
Okupazioa, hobeto
Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren arabera, langabezia hamarren batzuk haziko da oraindik, %9koa izateraino. Ondoren, jaisten hasiko dela espero du. Urteko azken hiruhilekoa txarra izan da aurreko urteetan, eta enpleguaren egoerari buruzko neurgailu esanguratsua izango da. 2008an 10.900 langabe gehiago izan ziren urritik abendura, eta 2009an, 4.900 gehiago.
Itxaropenerako datu hobeak utzi ditu okupazioak. Bigarren hiruhilekoz jarraian, gora egin du okupatuen kopuruak (%0,6). 9.000 okupatu gehiago dira. Bizkaian eta Gipuzkoan hazi da okupazioa; ez, ordea, Araban. Pertsona okupatuak iazko hiruhileko berean baino 12.200 gehiago dira.
Sektoreen artean badira aldeak, okupazioari dagokionez. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, guztiak hobetu dira, eta indar bereziarekin zerbitzuak. Joan den urteko argazkiarekiko alderaketa bestelakoa da: industriak eta zerbitzuek hobekuntza islatzen dute, baina eraikuntzak eta nekazaritzak atzeraka jarraitzen dute.
Soldatapeko beharginak joan den urtean baino 15.300 gehiago dira, baina emaitzak itzal batzuk ditu. Igoera horretako gehiena aldi baterako edo kontraturik gabeko lana da. Iaz baino 18.400 lagun gehiagok dute aldi baterako lana, inkestaren arabera, baina kontratu mugagabea dutenak 3.200 gutxiago dira. Udan lan erreforma indarrean sartu bada ere, soldatapeko berri gehienak -hirutik bi- lan kontratu mugatua izan dute.
Uztaila eta iraila bitartean jaitsiera arina izan du langabeziak EAEn
Eustaten arabera, okupazioak %0,6 egin du gora urteko hirugarren hiruhilekoan, eta langabezia %0,3 murriztu da Kontratu mugagabea duten langileen kopuruak atzeraka jarraitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu