Autoen salmentak sustatzeko abian jarritako diru laguntzei ez zaie erregaia erabat bukatu, eta matrikulazioak igo egin dira bigarren hilabetez. Horrenbestez, Hegoaldean, 6.826 auto berri saldu dira uztailean, iaz baino %15,3 gehiago.
DGT Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak eman ditu matrikulazio berrien datuak, eta, horien arabera, Nafarroan izan dute igoerarik nabarmenena: iaz 986 auto saldu ziren, eta aurten, 1.499; %52,02 gehiago. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, martxoan plana abian jarri zutenetik 4.634 auto saldu dira. Hain zuzen, 1.200 euro eman zituen gobernuak auto zaharra utzi eta berria erostearen truke.
Herrialde horretan besteetan baino lehenago jarri ziren indarrean autoa erosteko diru laguntza zuzenak. Lehenengo hilabetetan matrikulazio berriak asko bizitu baziren ere, dagoeneko moteldu egin da salmenten erritmoa: ekainean baino 192 auto gutxiago saldu dira uztailean.
Kontrakoa gertatu da, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1.000 euroko laguntza beranduago hasi zen ematen Jaurlaritza (ekainean), eta fruituak ere beranduago hasi da ematen. Maiatzetik ekainera igoera izan zen, baina ekainetik uztailera igoera hori handiagoa izan da: Bizkaian %22,16koa, Gipuzkoan %21,58koa eta Araban %20,70ekoa.
Iazko uztailaren eta aurtengoaren artean Bizkaian egon da alderik handiena, orduan baino %22,6 auto gehiago saldu baitira, 2.712 guztira. Araban eta Gipuzkoan, berriz, igoera xumeagoak izan dira, %12,5 eta %11,5ekoak, hurrenez hurren.
Urtea negatiboan
Iazko uztailean baino matrikulazio gehiago izan diren arren, ezin izan dute iazko lehen zazpi hilabeteetako emaitzak berdindu edo gailendu. Nafarroan ekaineko datuek bestelakorik erakusten bazuten ere -%10eko igoera urtarriletik-, hilabete batetik besterako beherakadak negatiboan utzi du emaitza (-%0,14). Gainontzeko herrialdeetan, berriz, jaitsiera handiak izan dira, batik bat Araban, %26,04koa.
Hegoaldean bezalaxe, Iparraldean eta Frantzian ere autoa zaharra utzi eta berria erosteko 1.000 euroko laguntzak emateko plana jarri zituen martxan gobernuak, eta horren isla ikusi da salmentetan ere: uztailean %3,1 igo dira iazko uztailarekin alderatuta. Hala eta guztiz ere, Nicolas Sarkozy presidenteak iragarri du laguntzak laster amaituko direla. Izan ere, aurreikuspen guztiak gailendu dituzte salmentek: 100.000 auto ingurukoak izango zirela espero zuten, eta 188.635 auto saldu dituzte.
Autoak soilik ez, motorrak ere erosteko laguntzak hasi zen ematen Espainiako Gobernua. Hilaren hasieratik 50 cc-ko moto artekoak erosteko, 225 euroko laguntza ematen du; 250 cc-ko artekoentzat, 525 euro; eta 250 cc-ko baino gehiagokoak erosteko, 750 euro. Hala eta guztiz ere, emaitzetan ez da askorik ikusi. Araban (%39,53), Bizkaian (%21,6) eta Gipuzkoan (%12,53) salmentak handitu dira, baina ez dira iazkouztaileko mailara ailegatu. Nafarroan, berriz, jaitsi egin dira(-%23,25).
Uztailean %15,3 handitu dira auto salmentak Hego Euskal Herrian
Ekainetik uztailera ere matrikulazioak igo egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez, ordea, Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu