Uztailean argindarraren prezioa ez igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak

Sistema elektrikoak bere gain hartzen dituen kostu guztiak berraztertzea hitzartu dute PSOEk eta PPk

Donostia
2010eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Uztailean argindarra ez da garestituko Hego Euskal Herrian, ez behintzat tarifa arautua dutenentzat (Azken Aukerako Tarifa, TUR gazteleraz). Energia gaien inguruan estatu akordio bat egiteko lehen urrats gisara, sistema elektrikoak bere gain hartzen dituen kostu guztiak berraztertzea hitzartu dute Espainiako Gobernuak eta PPk, eta hori egin artean argindarraren prezioa lehengoan mantentzea. Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroaren hitzetan, «sistemako kostu guztiak berraztertuko ditugunez, ez dauka zentzurik diru sarrerak handitzeko erabaki bat hartzeak; hori azkenerako utziko dugu». Dena dela, ez du baztertu etorkizunean tarifa arautua igotzeko aukera.

Duela pare bat aste, Espainiako Gobernuak sarbideko tarifa %10 igotzea proposatu zion Espainiako Energia Batzordeari (CNE). Sarbideko tarifa fakturaren erdia baino zertxobait gutxiago izaten da, beraz, hura %10 igotzeak azken faktura %4 inguru garestituko zukeen. Horri balio erantsiaren zergaren (BEZ) igoera gehituz gero, uztailean argindarra %6 inguru garestituko zela uste zuten sektoreko aditu gehienek. Baina, atzo, ustekabean, prezioa izoztea adostu zuten Espainiako Gobernuak eta oposizioak, sistema elektrikoak jasaten dituen kostu guztiak berraztertzekotan.

Kontsumitzaileen elkarteek begi onez hartu dute Espainiako Gobernuaren erabakia, baina ez zaie nahikoa iruditu. Argindarra ez garestitzea ongi dagoela, baina kontsumitzaileen interesak defendatzeko biderik onena energiaren merkatua hobetzeko neurriak hartzea dela adierazi dute.

Unesa argindar sektoreko Espainiako patronalak okerrago hartu du berria. Akordioa oso larritzat jo du Pedro Rivero presidenteak, beren kalkuluen arabera tarifek eragindako defizita are gehiago ez handitzeko %7,5 inguru igo beharko litzatekeelako argindarraren prezioa. «Erabaki horrekin tarifek eragindako defizita handitzea baino ez dute lortuko».

Aurten, sistema elektrikoak 6.000 milioitik gora euroko kostuak sortuko dituela kalkulatzen dute Espainiako Gobernuak eta CNEk. Orain artean, zenbateko hori uztaileko argindar igoerarekin ordaintzea uste zuten. Baina, prezioak mantenduz gero, tarifek eragiten duten defizita handitu egingo da. Kontua da, urte askoan, Espainiako Gobernuak ezarritako tarifa arautua ez zela iristen argindarra sortzeak eragiten zituen kostuak estaltzera. Ondorioz, milaka milioiko zorra beren gain hartu behar izan dute argindar konpainiek. Duela bizpahiru urte, ordea, 2013rako konpainiekin zor hori kitatzeko konpromisoa hartu zuen Espainiako Gobernuak. Eta, orain, herritarrek hileroko fakturan ordaintzen dutenaren zati bat horretara bideratzen da. Egun, ia 20.000 milioi eurokoa da tarifek eragindako defizita eta txikitu beharrean handitzen jarraitzen du.

Berriztagarriei laguntzak

Nahiz eta uztailean argindarraren preziorik igo ez, emandako hitza betetzea agindu die Sebastianek argindar konpainiei. «Tarifek eragindako defizita iraganetik oinordetzan jaso dugun zerbait da; diru hori elektrikei dagokie, eta jasoko dute».

Baina, desoreka horren atzean, sortze kostuak eta tarifa arautua ez ezik, energia berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak daude. Espainiako Gobernuaren kalkuluen arabera, aurten 6.300 milioi euroko languntzak bideratu beharko dira energia berriztagarrien sektorera. Herenegun bertan, baina, sektoreko enpresek 2020ra bitartean 106.000 milioi euroren diru laguntzak beharko dituztela esan zuten; aurten 6.700 milioi euro eta 2020an 13.500 milioi euro, urtean %7ko hazkundearekin. Jakitun dira, ordea, dirutza hori guztia ezin dutela argindarraren fakturatik jaso. Horregatik, petrolio eta gas enpresei zerga berri bat ezartzea proposatu dute.

Energia gaien inguruko estatu akordioa lortzeko, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzen egitura goitik behera aztertu beharko dute Espainiako Gobernuak, PPk eta parte hartu nahi duten gainerako alderdi politikoek. Berez, uztailaren 1erako moldatuta behar zuten laguntza horiek, baina, bistakoa denez, denbora gehiago hartuko dute. Sektoreko enpresek ongi hartu dute estatu akordioa egiteko bidea hasi izana, epe luzera sektorea egonkortzea ekarriko duelako. Oraingoz, berriztagarrien laguntzen inguruko erabakirik ez hartzeak, ordea, sektoreko zalantza giroa areagotuko duela ohartarazi dute.

Berriztagarriei ematen zaizkien laguntzez gain, argindarra sortzeak, banatzeak eta garraiatzeak eragiten dituen kostuak izango dituzte aztergai. Eta, kostuez gain, bestelako gai batzuk ere landuko dituzte: 2020an Espainiako mix energetikoak nolakoa behar duen izan zehaztuko dute; nazioarteko loturak nola garatuko dituzten erabakiko dute; argindar merkatua benetan liberalizatzeko neurrietan sakonduko dute; aurrezte politikak indartuko dituzte; segurtasun nuklearra landuko dute; eta hondakin nuklearrak nola kudeatu hitzartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.