Langabeziak laugarren hilabetez jarraian behera egin duen arren, apenas jaitsi da. SPEE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, ekainean baino 295 langabe gutxiago (-%0,14) daude erregistratuta Hego Euskal Herrian. Guztira, 206.598 langabe daude izena emanda Lanbideren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, iaz baino 24.757 gehiago. Urtebetean, %11,96 herritar gehiago daude lanik gabe.
Uda garaiko hilabeteetan jaitsi egin ohi da langabezia, zerbitzu arloan izaten den lan eskaeragatik. Aurten ere, joera horri eutsi zaio, baina iaz garai berean baino askoz gutxiago egin du behera: iaz ekainetik uztailera 4.273 langabe gutxiago erregistratu ziren, eta aurten, 295 gutxiago.
Hego Euskal Herrian, oro har, langabezia apal jaitsi da, baina bada salbuespen bat: Araba. Herrialde horretan %1,16 hazi da langabezia ekainetik uztaila bitartean, eta 285 herritar gehiago daude lanik gabe; urtarriletik uztailera 24.816 langabe zenbatu dituzte, iaz epe berean baino %15,8 gehiago; langabezia tasa %15,68 da.
Txanponaren beste aldea da Bizkaia. Izan ere, han izan du jaitsierarik handiena. Ekainean baino 538 langabe gutxiago (-%0,60) zeuden erregistratuta uztailean herrialde horretako enplegu bulegoetan. Nolanahi ere, urtebetean %13,23 hazi da langabezia, eta egun 88.885 herritar daude lanik gabe; tasa %16,41 da.
Gainerako lurraldeetan langabeen kopurua kasik ez da jaitsi. Gipuzkoan 16 langile gutxiago(-%0,04) zenbatu dituzte; egun, 44.110 pertsona daude lanik gabe, iaz baino %13,23 gehiago, eta tasa %13,14koa da. Hego Euskal Herriko langabezia tasarik txikiena du Gipuzkoak. Era berean, ekainean baino 26 langabe gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan, hau da, ekainetik uztailera %0,05 jaitsi da. Egun 48.787 herritar daude lanik gabe, iaz baino %16,87 gehiago; tasa %15,82 da.
Langabe gehien, zerbitzuetan
Jarduera sektoreei dagokienez, zerbitzuen arloan egin du behera gehien langabeziak: 18.777 herritar gutxiago zenbatu dituzte. Hala ere, langabe gehien dituen sektorea izaten jarraitzen du, 107.181 langabe baitaude guztira. Industrian, berriz, 30.303 langabe daude, ekainean baino 3.371 pertsona gutxiago. Eraikuntzan, 21.861 langabe daude —3.692 pertsona gutxiago zenbatu dituzte uztailean—, eta nekazaritzan, 4.393 pertsona daude lanik gabe.
Horrez gain, langabezian diren gizonen eta emakumeen kopurua antzekoa da: egun 100.823 gizon langabe daude, eta 101.574 emakume. Hori bai, ekainetik uztailera emakume gutxiago zenbatu dituzte: zehazki, 4.060 gutxiago. Gizonezkoen kasuan, jaitsiera txikiagoa izan da; 436 gizonezko gutxiago daude erregistratuta egun Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan.
Gizarte Segurantzan izena emandakoen kasuan ere, Gipuzkoan salbu, beherakadak dira nagusi. Gipuzkoan 339 lagun gehiago erregistratu dira uztailean, Araban 923 lagun gutxiago zenbatu dituzte, Nafarroan 1.254, eta Bizkaian 1.907.
Enplegua sortzeko beharra
Langabezia lau hilabetez jarraian jaistea datu oso ona dela dio Javier Ramos Lanbideko zuzendari nagusiak. Alabaina, ezinbestekotzat jo du enplegua sortuko duen ekonomia berriro indartzea. Izan ere, haren esanetan, era horretako neurririk gabe ez dute lortuko enpleguaren galera geratzea. Gainera, dio aurrekontuetan egiten ari diren murrizketak ez direla nahikoa lana sortzeko.
UGT eta CCOO sindikatuak bat datoz esatean uztaileko langabeziaren datuak urtarokoak direla. UGTren arabera, datuek argi erakusten dute lan erreformaren porrota. CCOOren ustez, geroz eta murrizketa gehiago egin, orduan eta lanpostu gehiago galduko dira.
Uztailean langabezia %0,14 jaitsi da Hegoaldean, iaz baino askoz gutxiago
Laugarren hilabetez jarraian behera egin badu ere, guztira 206.598 langabe daude: iaz baino 24.757 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu