Albistea ona izan arren, hainbat gauzekin bezala baina asko izan behar dira kontuan. Batetik, maiatzean ohikoa izaten dela langabezia jaistea, batez ere udako kontratazioak direla medio. Duela hamar urteko datuei erreparatuta, maiatza guztietan egin du behera. 2005 da salbuespen bakarra, baina metodologia aldatu zutelako; aurreko metodologia kontuan hartuta, orduan ere behera egin baitzuen. Handiak izan dira beherakadak urte batzuetan: 2007an, esaterako 6.000 langaberainokoa.
Hain zuzen ere, udako kontratuak ohikoenak diren sektorean jaitsi da gehien langabe kopurua maiatzean, hau da, zerbitzuetan(-2.497). Industrian 913 langabe gutxiago zenbatu dira, eta eraikuntzan, berriz, 823.
Kontuan hartzeko beste bainarik ere bada, iazko maiatzeko datuei begiratuta langabeziaren igoera nabarmena dela: orduan baino 54.278 langabe daude orain. Iazko maiatzean %7,5ean baldin bazegoen tasa,%11,49raino puztu da aurten.
Enpleguarekin lotutako beste daturik ere eman zuten atzo, gizarte segurantzako afiliazioarena. Apiriletik 3.269 pertsona gehiago afiliatu dira, eta guztira 1.120.513an dago kopurua.
Zuhurtzia
Datuei begiratu ostean sindikatuek, oro har, zuhurtziaren alde egin dute. LABen arabera, «oraindik goizegi da joera aldaketa» bati buruz hitz egiteko, eta gainontzeko adierazleek duten garapena ikusi behar dela azaldu du, «behin betiko ondorioakateratzeko».
Euskadiko CCOOk eta UGT-Euskadik positibotzat jo dituzte INEMek emandako datuak. CCOOk, hala ere,«arretaz» jokatzearen alde egin du. Sindikatuaren aburuz, erakunde publikoek martxan jarritako neurriek zerikusi handia izan dute langabezia jaisteko garaian, eta neurri hobeak hartzeko elkarrizketa sozialaren beharra azpimarratu du.
Erakunde publikoek, hain zuzen, krisiari aurre egiteko neurriak azpimarratu dituzte; horiek izan baitira beraien aburuz, langabezia jaistea bultzatu dutenak. Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Enplegurako zuzendari orokorrak, esaterako, 2012 Nafarroa Planaren, etxea eta autoa berritzeko planen eta lana sustatzeko neurrien ondorio dela esan du.
Kimu berdeak ikusten hasi denik ere egon da. Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroa edo Miguel Sebastian Industriakoa, kasu. Azken horren esanetan «krisiaren amaieraren hasiera»erakutsi dezake datuok. Izan ere, Hego Euskal Herrian bezala, Espainian ere gutxitu egin da langabeen kopurua, INEM arabera(-24.741). Hori ere gobernuak martxan jarritako E Planari esker izan dela uste du Celestino Corbacho Lan ministroak. Haren arabera, maiatza amaiera bitartean, 351.000 pertsonei eman die lana plan horrek.
Eurogunean %9,2ra igo da langabezia tasa, apirilean
Herrialderen batean datu positiboren bat agertu arren, langabeziak igotzen jarraitzen du eurogunean. Eurostat Europako estatistika erakundearen arabera, apirilean 396.000 pertsona geratu dira lanik gabe, eta %9,2raino igo da tasa. Azken hamarkadako mailarik altuenean dago langabezia, eta dagoeneko14,5 milioi dira langabeak eurogunean.Espainiak dauka langabezia tasarik okerrena, %18,1koa. Aldiz, urtebetean gehien Baltikoko herrialdeetan igo da langabezia: %4,3tik 16,8ra Lituanian, %6,1etik 17,4ra Letonian, eta %3,7tik %13,9ra Estonian. Aldiz, Herbehereek (%3) eta Austriak (%4,2) dute tasarik txikiena.