ENPLEGUA

Uztailetik urrira 3.300 langabe gehiago Hego Euskal Herrian

Hiru hilabeteotan 11.300 lanpostu gehiago sortu dira, berriz, lau herrialdeetan

Erredakzioa
2003ko urriaren 25a
00:00
Entzun
INE Espainiako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera, uztailetik urrira bitartean 3.300 langabe gehiago zenbatu ziren Hego Euskal Herrian; bestalde, hiru hilabete horietan 11.300 lanpostu berri ere sortu ziren. Iazko epe berean lortutako datuekin alderatuta, hamabi hilabeteotan 27.800 lanpostu berri sortu dira Hegoaldean eta 3.900 langabe gutxiago izan dira.

Irailaren amaieran langabezia tasa %8,38koa zen; hots, lan egiteko aukeran dagoen biztanleriaren artean, 105.900 euskal herritar langabezian zeuden irailaren 30ean.

LABek salatu zuen 11.300 enplegu berri sortu diren arren, horietako asko prekarietatean oinarritzen direla eta bereziki larria dela gazteen eta emakumeen egoera. Sindikatu abertzaleak oroitarazi zuen Europako Batasuneko ehun kontratutik 13 inguru behin-behinekoak direla eta Euskal Herrian, zifra hori bikoiztu egiten dela (27). Emakumeen artean, gainera, behin-behinekotasun tasa %32,7ra iristen da eta gazteen kasuan, berriz, %66ra.

Era berean, LABek gaineratu zuen behin-behinekotasunak lotura zuzena duela lan istripuekin: behin-behineko langileek kontratu finkoa dutenek baino bi aldiz istripu gehiago izaten dituzte. Horregatik, LABen iritziz, «beharrezko da patronalak egiten dituen iruzurrezko kontratatazioarekin amaitzea, arazo horrekin mozteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.