Fagor Etxetresnen Frantziako adarra salbatzeko aukera handia zegoela ematen zuen aurreko astean. Erakunde publikoen laguntzen bidez orain arte zutik egon den enpresa hori erosteko lau eskaintza zeuden mahai gainean, baina haietako bi (Sun Capital eta Selni) berehala galdu ziren, eta Aljeriako Cevital hautagai nagusiarekin batera geratu zenak ere, Variance Technologiesek, atzera egin du. Hala jakinarazi dute sindikatuen iturriek.
Variance taldearen erabakiak egoera zailean utzi ditu La Roche sur Yoneko planta (garbigailuak eta lehorgailuak) eta Aizenaykoa (mikrouhinak). 450 langilek ziharduten lanean bi plantetan konkurtsoa iritsi aurretik, eta Cevitalen planetan sartzen ez direnez, FagorBrandten adar horrek zaila dauka aurrera egitea. Gauzak horrela, Cevitalen eskaintza baino ez da geratzen Brandten planta batzuek aurrera egin dezaten.
Afrikako taldeak Saint Jean de la Ruelle-Orleansko lantegia (labeak) eta Vendomeekoa (gas sualdeak eta bitrozeramikak) erosi nahi dituela jakinarazi du. 1.200 lanposturi eutsiko litzaieke proiektuak aurrera egingo balu. Variance Technologiesen erabakia albiste txarra den arren, FagorBrandten 1.800 lanpostuetatik kopuru handi bat salbatuko litzateke Cevitalek baiezkoa emanez gero.
Etorkizun zaila
Sindikatuek esperantza handiak zituzten bi eskaintza horiekin (osagarriak biak) Brandt osoa aurrera ateratzeko, baina gauzak okertu egin dira orain. Bazekiten patenteekin ere arazoak bazirela. Brandt, De Dietrich eta FagorBrandten gainontzeko marka guztiak Fagor Ireland adarrean daude, eta haren konkurtsoa Donostiako epaitegian dago Pedro Malagonen esku, Euskal Herriko gainontzeko adarrak bezala.
Brandten geroaren inguruko azken erabakia Nanterreko merkataritza epaitegiak dauka; hark zuzentzen du konkurtsoa iazko azaroaz geroztik. Frantziako Gobernua adi dago Brandt salbatzeko operazioa nola egiten ari den ikusten. Diru publikoarekin zabaldu ziren berriro lau lantegiak, baina orain irekiera horrek zenbat iraun dezakeen erabaki behar da.