Venezuelako lehen parke eolikoa egingo du Gamesak

Made filialaren bidez, 76 haize errota egingo ditu, eta guztira, 100 megawatt sortuko ditu urtean

2008ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Berri onak euskal enpresa mundutik: PDVSA Petroleos de Venezuela energia taldeak eta Gamesak kontratua sinatu dute Venezuelako lehen parke eolikoa izango dena sortzeko. Horren arabera, Gamesak 76 haize errota egingo ditu enpresarentzat, eta 100 megawatt instalatuko. Trukean, berriz, 116 milioi euro jasoko ditu.

Kontratuan biltzen dira aerosorgailuak hornitzea, instalakuntzak gainbegiratzea, eta horiek martxan jartzea. Bi urteko epea izango du, eta aerosorgailuak muntatzen 2009ko azken hiruhilekoan hasiko direla iragarri du euskal enpresak. Made filialaren bidez eramango du aurrera proiektua, eta AE61-1.320 kilowatt ereduko eta 60 hertz motako haize errota egingo ditu.

Gamesaren arabera, ingurumenaren aldetik garrantzitsua izango da proiektu hori, atmosferara karbono dioxido gutxiago botatzea ekarriko baitu. Zehazki, urtean 100 megawatt ekoizten duten haize erroten bidez, urtean 21.500 petrolio tona aurreztuko dira, eta, ondorioz, 150.000 tona karbono dioxido isurtzea atmosferara.

Proiektu horri esker, Venezuelak energia garbiaren erabilera bultzatzeko helburua aurrera eraman ahal izango duela adierazi du Gamesak.

Lehendabizikoen artean

Guillermo Ulazia Gamesako presidente eta kontseilari delegatuak proiektuaren garrantzia azpimarratu du. Haren esanetan, haize errotak hornitzen dituzten konpainien zerrendan Gamesak lehenengo postuetan egoteko gaitasuna duela erakusten du kontratuak,eta Latinoamerikako merkatuaren garrantzia nabarmendu du.

Orain arte 13.000 megawatt instalatu ditu euskal enpresak mundu osoko 20 estatutan. Horri esker, 2,78 milioi tona petrolio aurreztu direla, eta 20,6 milioi tona karbono dioxido isurtzea saihestu dela azaldu du Gamesak. Horrenbestez, munduko haize erroten enpresen artean garrantzitsuenetariko bat bihurtu dela gaineratu du. Iaz, esaterako, %15etik gorako merkatu kuota izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.