Vicrila beira enpresak sei hilabetez itxi nahi du Leioan duen lantegia

Dosierra onartuz gero, maiatzaren 1etik azaroaren 1era itxiko luke lantegia, eta 380 langileri eragingo lieke

Erredakzioa
2009ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Enplegua erregulatzeko dosierren iturriak erabat irekita jarraitzen du. Atzo bertan jakin zenez, Vicrila beira lantzen duen enpresak Leioan (Bizkaia) duen lantegia sei hilabetez ixteko asmoa du. Onartuz gero, enplegua erregulatzeko dosierrak maiatzaren 1etik azaroaren 1era iraungo du, eta, beraz, langile guztiak, 380 hain zuzen, geratuko dira behin-behinean lanik gabe. Vicrila ACR Frantziako enpresa taldearen barruan dago.

Asteartean zuzendaritza enpresa batzordearekin elkartu zen neurriaren berri emateko, eta dosierra arrazoitzeko, eskaeren jaitsierari eta gehiegizko materialari aurre egin behar izan diotela adierazi zuen enpresak.

Sindikatuek, ordea, aho batez baztertu zuten erabakia. ELAko Hainbat federazioko ordezkarien iritziz, «zuritu ezinezkoa» da. Izan ere, lantegiaren egoera «oso ona» dela, eta urtarrilera arte irabaziak eman dituela (horiek dira azkeneko datuak) azaldu dute: «Otsaileko daturik ez daukagu, baina, gure ustez, hilabete horretan ere emaitza onak izan ditu. Leioako lantegiak etekin ugari ematen ditu».

Hodigintza, krisian

Bizkaiko enpleguaren egoera ez da ona, eta Arabakoa oraindik eta okerragoa da. Dosierren jarioak ez du etenik azkenaldian, eta orain hodigintzari ari zaio eragiten. Herenegun, Tubos Reunidos izan zen, atzo Tubacex gehitu zen dosierrak aurkeztu dituzten enpresen zerrendara. Bertako zuzendaritzak astelehenerako deitu du enpresa batzordea enplegua erregulatzeko espedientea aurkezteko. Hala ere, ez dute zenbat iraungo duen ezta zenbat langileri eragingo dien ere jakinarazi.

Tubos Reunidosen dosierra, berriz, hamabi hilabetekoa izango da, eta, onartuz gero, 813 langileri eragingo die. LABek baztertu egin du enpresak hartutako erabakia, eta euren interesen alde egitea egotzi die: «Horrelako neurrien bidez, balantza ekonomikoa euren interesak asebetetzeko modukoa izatea bermatu nahi dute, nahiz eta, horretarako, langileak kaleratu behar dituzten».

Cegasako eta Hegaleko dosierrak ere nahiko zeresan ematen ari dira. Atzo, Juan Zelaia Cegasako presidenteak espedienteari buruzko azalpenak eman behar dituen ala ez erabaki behar zuten Arabako Biltzar Nagusiek, eta alderdi guztiek kontra bozkatu zuten, EAE-ANVk izan ezik. Beraz, ez zen aurrera atera. Hegaleko langileek, berriz, 99 eguneko dosierra baztertzeko eskatu zioten atzo Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.