Vital Kutxako lehendakariorde Gregorio Rojok gogor kritikatu zuen atzo EAJ-EAk kutxarako aurkeztu duen hautagaitzaren asmoa. Rojoren esanetan, «gizartearen partehartzea» areagotu behar da kutxaren kudeaketan eta, hortaz, salatu du EAJ-EAk «kutxaren eztabaidak alderdi politikoen egoitzetara» eraman nahi dituela.
Hilaren 22an izendatuko dira kutxako batzarkide berriak, eta hiru hautagaitza aurkeztu dira: EAJ-EArena, ELArena eta PP-PSOE eta UArena, Aniztasunaren Aldeko Plataforma deritzona.Hautagaitza horren aurkezpenean egin zituen Rojok adierazpenak. Bere ustetan, Kutxen Legearen erreformak aldaketak ekarri ditu, «aginte organoen erdia gizarteari ematen baitizkio, eta horregatik giza-eragileek osaturiko hautagaitzak behar dira». Rojoren esanetan «Aniztasunaren Aldeko Plataformak ezaugarri hori du. Zerrendetan abertzaleak ere badaude, Vital Kutxaren aniztasunaren adierazgarri».Vital Kutxaren despolitizazioaren aldeko apostua egin behar dela gaineratu zuen Rojok. EAJ-EA hautagaitza ez du begi onez ikusten, «zerrendetan Araban politikariak aurkeztu dituztelako». Horrek «gizartea eta politiko, sindikatu eta langileen arteko liskarrak» ekarriko lituzke bere ustetan.PP-PSOE eta UAren hautagaitzak hilaren 22ra arte ez ditu zehaztuko zeintzuk izango diren zuzendaritza karguetarako hautagaiak.
Vital Kutxako Gregorio Rojok EAJ-EAren hautagaitza gaitzetsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu