Vital Kutxak 49,3 milioi euro garbi irabazi ditu iraila bitarte, aurreko urteko epe berean baino %1,92 gehiago. Urteko lehen bederatzi hilabeteetako emaitzen berri eman zuen atzo Arabako aurrezki kutxak, agiri baten bidez. Zergak ordaindu aurretik, irabazien igoera antzekoa izan zen: %1,96.
Maileguen atalak izan du hazkunderik adierazgarriena. Orotara, 6.815 milioi euroren balioa zuten kredituak kudeatu ditu Vitalek, joan den urtean baino %5,6 gehiago. Etxebizitza erosteko maileguei dagokienez, ia %4 gehiago izan ziren. Enpresei emandako kreditua %5,7 hazi zen.
Irabaziak handitzea lortu du kutxak, baina urtearen joanean kredituen eta bestelako aktiboen estaldura indartzeko 35 milioi euro jarri behar izan ditu. Hala ere, berankortasuna «kontrolpean» izan duela azpimarratu du Gregorio Rojok gidatzen duen erakundeak. Hain zuzen ere, berankortasun tasa %2,51 da gaur egun Vitalentzat. Urtea hasi zenetik %0,7 igo da, baina oraindik ere sektoreko batez bestekoaren erditik behera jarraitzen du.
Estaldura tasa urteko hirugarren hiruhilekoan %94,22 izan zen. Horrek esan nahi du dudazko aktiboekin dituen ehun euroko 94 jar ditzakeela kutxak. Iazko irailarekin alderatuz gero, nabarmen egin du atzera tasa horrek, ia %150ean baitzegoen. Hala ere, sektoreko batez bestekoa -%52- aise gainditzen du.
Likidezia, bermaturik
Interes tasa apalen ondorioz, kontu korronteek eta eperako gordailuek gora egin dute, %34,5. Orotara, hartzekodunen hazkundea %5,6koa izan da, 7.577 milioi euro. Dirua aurreztu nahi izan dutenei begira, Internet bidez kudeatzen den kontua jarri zuen martxan Vitalek.
Krisiak krisi, likidezia bermaturik duela ziurtatu du Arabako aurrezki kutxak. Irailaren amaieran 400 milioi euro zituen eskura, eta 282 milioi euro balio dituzten tituluak jaulkitzeko baimena onartu dio Estatuak, halaber.
BBK-k %0,5 handitu ditu irabaziak aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, eta %29,3 jaitsi ditu Gipuzkoa Donostia Kutxak.
Vitalek 49,3 milioi irabazi ditu iraila bitarte, iaz baino %2 gehiago
Maileguen atalak igoera esanguratsua izan du kutxaren negozioen artean, %5,6 egin baitu gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu