Autogintza

Volkswagen %20 jaitsi da Franfurteko burtsan, motorrak trukatu dituela onartu ondoren

AEBetako ingurumenaren agentziak 482.000 autoren emisioak faltsutzea leporatu dio. VW eta Audi markako auto horiek software berezi bat daukate emisio kopurua dena baino txikiagoa dela sinetsarazteko.

Motor lantegia, Salzgitterren (Alemania). JULIAN STRATENSCHULTE, EFE
xabier martin
2015eko irailaren 21a
07:43
Entzun

Volkswagen bere iruzurra ordaintzen hasi da burtsan. Frankfurtekoan %20 jaisten ari dira bere tituluak, eta burtsa osoa beherantz bultzatzen ari da Wolfsburgoko etxearen eskandalua. Alemaniako konpaniaren Think blue filosofia uste baino ilunagoa gertatu da, EPA ingurumenaz arduratzen den AEBetako agentziak eta Kaliforniako estatuak agerian utzitako iruzurra dela eta. VWek software bat baliatu du bere auto batzuek jaurtitzen dituzten emisioen kopurua faltsutzeko. 482.000 autoetan instalatu du software hori, 2009tik 2015era. Burtsako analistek uste dute auziak ez duela soluzioa izango epe laburrera, eta inbertitzaileak asko zigotzen ari dira VW akzioa.

VW taldeak emisioen kopuruaren zenbaketan eragiten duen softwarea erabili duela onartu zuen atzo. Martin Winterkorn presidenteak bezeroen "konfiantza hautsi" egin dutela onartu zuen. Virginiako Unibertsitateko ikerlariak ohartu dira VW etxeko autoen emisioen neurketan zerbait arraroa gertatzen zela. Software hori gai da autoaren emisioak neurtzen ari direla jakiteko eta neurketan eragiteko. Nitrogeno oxidoen emisioen kopurua AEBetako araudiak baimendutakoa baino 40 aldiz handiagoa da VWen hainbat autotan.

Horiek horrela, ia milioi erdi bat auto errebisiora deitu dituzte AEBetan, software hori erretiratzeko. Modeloak hauek dira: Jetta (2009tik 2015era); Beetle (2009tik 2015era); Audi A3 (2009tik 2015ra; Golf (2009tik 2015era), eta Passat (2014tik 2015era). Horrez gain, ikusteko dago salaketaren harira abian jarritako ikerketak zer-nolako isuna ekarriko dion Wolfsburgoko etxeari. Oraingoz, burtsan ordaintzen hasi da eskandalua, baina iruzurraren arantza oso luzea gerta daiteke.

Izan ere, isuna 16.000 milioi euro artekoa izan daitekeela argitaratu dute AEBetan. Oraingoz ez dago informaziorik Europako merkatuan antzeko zerbait gertatu ote den ala ez, baina pentsatzekoa da estatuen agentziak ikertzen izango direla honezkero. Volkswagenen irudiari, munduko auto ekoizle handienari, izugarrizko kaltea egingo dio emisioen auziak. Hasteko, AEBetako merkatuan diesel motorreko autoak saltzeari utziko dio, Manager Magazin aldizkari alemaniarrak gaur argitaratu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.