AUTOGINTZA

Volkswagenek Golf modeloaren ekoizpena eten du

Autoetarako aulkiak eta abiadura ontzirako piezak saltzen dizkioten hornitzaileek planto egin diote Alemaniako taldeari. 500 milioiko kalte-ordaina eskatu diote, hitzartua zuten kontratu bat "aldebakartasunez" eteteagatik.

Europako auto salduena da Volkswagen Golf-a. EFE
Oihan Vitoria.
2016ko abuztuaren 20a
18:56
Entzun

Wolfsburgeko autogilearen annus horribilis-ak ez du amaierarik. Gas isuriak trukatzeko iruzurraren harira piztutako tirabirak gutxi balira, haren bi hornitzaile nagusiek planto egin diote orain. Cartrim —aulkiak saltzen dizkio— eta ES Automobilguss —abiadura ontzirako burdin piezak ekoizten ditu— enpresek 500 milioi euroko kalte-ordaina galdegin diote multinazionalari, datorren urterako adostua zuten kontratu bat bertan behera uztea leporatuta. Hornitzaileek salatu dute VWek "aldebakartasunez" eten duela hitzarmena, eta erabakiak kalte handiak eragingo dizkiela, dagoeneko moldaketak egin baitituzte haien lantegietan autogilearentzako pieza bereziak ekoizteko.

Auzitegietara iritsi da gatazka, baina, autogileak atzera egiteko asmorik ez duela ikusita, Volkswageni aulkirik eta piezarik ez hornitzea erabaki dute. Horren aurrean, Golf modeloaren ekoizpena eten behar izan du VWek Wolfsburgeko plantan, eta lanaldia murriztu die 20.000 langileri. Hornitzaileekin dituen arazoak, ordea, ez dira lantoki horretara mugatzen. Endem hirikoan ere kolokan dago Passat modeloaren ekoizpena, pieza eskasiak bultzatuta: beharginek lanuzteak egin dituzte asteon, eta geldialdiak areagotzeko prest daude. Egunero-egunero 1.250 ibilgailu ekoizten dituzte han.

Hornitzaile berrien bila

Kontratuz dagokiena lehenbailehen hornitu ezean, hornitzaile berriak bilatzeko mehatxua egin du VWek, eta horretarako baimena eman dio epaileak. Astebetez luza daiteke etenaldia, baina multinazionalak oraindik ez du zehaztu nola egingo dion aurre egoerari. Europako modelo salduena da Volkswagen Golf-a: aurten jada halako 262.000 auto saldu dira kontinentean, iaz baino %1 gehiago. Alemaniako konpainiaren akzioak %1,52 jaitsi dira gaur Frankfurteko burtsan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.