Planak aldatu egin ditu beste behin Volkswagenek. Urtarrilaren 15an iragarri zuen aurten Landabenen aurreikusi baino 7.800 gutxiago egingo zirela, eta horregatik bost eguneko erregulazio dosierra aurkeztu zuen. Hala ere, aste hartan auto salmentak bultzatzeko 50.000 milioi euroko plana iragarri zuen Alemaniako Gobernuak -auto berria edo gehienez 12 hilabetekoa erosteko 2.500 euroko laguntza banatuko du-. Planak beheko mailako autoen salmentak suspertu dituenez, Volkswagenen asmoak aldarazi ditu. Orain dio aurten 24.000 auto gehiago egiteko eskaria duela. Nafarroako zuzendaritzaren arabera, bi asteren buruan «beltzetik zurira» igaro da Landaben.
Produkzio igoerak Polo A04 ereduari eragingo dio. Kontuan hartu behar da aurten apirilaren 1etik aurrera Polo A05 eredu berria egiten hasiko direla, eta aste batzuez trantsizio epe bat egongo dela. Duela bi aste, produkzio jaitsierari aurre egiteko Landaben bost egunez ixtea proposatu zuen zuzendaritzak. Egoera irauli denez, orain ikusi egin beharko da zer proposamen egingo dion langileen batzordeari. Bihar dute bilera bi aldeek.
Batzordean gehiengoa duten UGTk (hamar ordezkari) eta CCOOk (zortzi ordezkari) pozez hartu dute albistea. Bihar VWek egingo dien eskaintzaren zain, Jose Luis Manias batzordeko presidenteak zuhur jokatu nahi du.
Are zuhurrago jokatu du LABek (bost ordezkari). «Gaur produkzioa jarri, bihar kendu. Horrela dabil VW», adierazi du Benito Utergak. Aipagarria da, zentzu horretan, urria geroztik jada sei aldiz aldatu dituela bere produkzio aurreikuspenak Volkswagenek. Diferentzia da orain arteko guztietan produkzio beherakadak iragarri dituela.
Utergaren ustez, multinazionalak informazioa «nahierara» erabiltzen du azkenean langileen batzordea lan egutegia kentzera eta malgutasun handiagoa onartzera behartzeko. Utergak susmatzen du biharko bileran akordioa hitzartuko dutela zuzendaritzak, UGTk eta CCOOk. Eredu aldaketaren ondorioz, Utergak gaineratu du VWek produkzio sistema aldatu nahi duela, eta aldaketa «bat-batekoa» izan litekeela langileentzat.
Volkswagenek iragarri du 24.000 Polo gehiago egingo direla aurten Landabenen
LABek salatu du VWk «nahierara» erabiltzen duela informazioa eta lan egutegia kentzea dela benetako asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu