Autogobernua eta foruak estu daude. Mariano Rajoyren agintaldian, Espainiako Gobernuak errekurtsoak jarri ditu Nafarroako Parlamentuak onartutako hamabi legeren aurka; eta azkenekoak bereziki astindu du Nafarroa: 1.513 milioi euro erreklamatzen dizkio Espainiak, 2007tik 2011ra VW Volkswagenek esportatutako autoen BEZaren itzulpenagatik. Auzitegi Gorenaren esku dago auzia, eta auzitegiak Espainiaren alde ebatziko balu, VWen BEZa barne, Nafarroako zor publikoa egungo 3.500 milioi euroetatik 5.000 milioira handituko litzateke.
Eskandalua berehalakoa izan da Nafarroan. Yolanda Barcina presidenteak asmoa zuen konponbide bat emateko Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 26ko epaiak eragindako gatazkari, eta errekurtso gehiago ez jartzeko konpromisoa lortu nahi zuen Cristobal Montoro Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroarekin hilaren 16an egindako bileran. Beste helegite batekin itzuli zen Madrildik.
Konstituzionalaren ekainaren 26ko epaiak, Nafarroaren zerga ahalmena kolokan jarri, eta autogobernuari eraso zion. Izan ere, arrazoitu zuen Nafarroak ez duela ahalmenik estatuarekin aurrez hitzartutako zergarik ezartzeko. Azkeneko errekurtsoak, berriz, Barcinaren hitzetan, "kolokan jar dezake Nafarroaren bideragarritasun ekonomikoa". Baina ez hori bakarrik: UPN eta PPren arteko ustezko aliantza politikoa ere hankaz gora utz dezake. "Nafarroako Gobernuaren eta Espainiaren arteko harremanak ez daude garairik hoberenean", aitortu du Barcinak.
Pablo Zalba PPko kudeaketa batzordeko presidentea Montororekin bildu zen astelehenean, eta, haren esanetan, Montorok konpromisoa du Nafarroak urtean gehienez 25 milioi ordaindu ditzan: 2007tik 2011ra arteko epera hedatuz gero, 125 milioi dira. Berez, Nafarroak Volkswageni urtero itzuli beharreko BEZa 250 milioi eta 300 milioi euro artekoa da. Duela bi urte, Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak hitzartu zuten 2012tik 2014ra bitartean BEZaren itzulketagatik Nafarroak urtero 25 milioi pagatuko zituela. Hala ere, aurreko bost urteetako itzulketa ere erreklamatzen zien Espainiako Zerga Agentziak. Itun ekonomikoaren arbitratze batzordera eramatea erabaki zuten, eta batzordeak maiatzean erabaki zuen ez zegoela gatazkarik. Nafarroak uste zuen auzia itun ekonomikoaren koordinazio batzordera igaroko zela, baina Montorok Gorenera jo du zuzenean.
Asteartean bilduko da koordinazio batzordea, eta hor ikusiko da Montorok egiazki konpromisorik ba ote duen. Barcinak, berriz, gaur emango ditu auziari buruzko azalpenak, Parlamentuko foru erregimeneko batzordean. Gertakarien garrantzia zer-nolakoa den jakiteko, bost aditurekin hitz egin du Nafarroako Hitza-k.
JUAN CARLOS LONGAS (Aralarreko parlamentaria)
"Jarduera ahalmena eta konpetentziak murriztu nahi dituzte"
1. Porrot ekonomikoa al da honako hau?. Teknikoki ez. Kontuzko egoera da, eta ikusteko dago Espainiako Auzitegi Gorenak zer ebazten duen. Uste dut helegitea Espainiak irabaziko duela, Auzitegi Gorenak hartuko duelako erabakia. Horrek arazo larri bat sortu du ogasunean. Hala ere, nahiz eta Espainiak helegitea irabazi, ikusi beharko genuke Nafarroak ordaindu beharko lukeen zenbatekoa.
2. Nola eragingo dio gertatutakoak Nafarroari? Gertatzen ari dena interpretatzeko era asko daude. Nafarroako sistema ekonomikoaren eta fiskalaren oinarriei eraso die Espainiak Auzitegi Konstituzionalaren sententziekin. Orain, berriz, ogasunaren gaitasun ekonomikoaren aurka doa. Hori da helegite horren zentzua. Gaizki egin ziren gauzak hasieratik. BEZaren doiketak gaizki diseinatu zituzten, ez baitira egokitzen Nafarroako errealitate ekonomikora eta industrialera. Eta ondoren egin diren zuzenketak, 2012. urtekoa adibidez, gaizki egin dira. Eskura utzi dio horrek Espainiari egiten ari dena egiteko aukera.
3. Zer dela eta aldatu du orain jarrera Madrilek? Estrategia politiko bati erantzuten diola uste al duzu? Ez du aldatu. Agintaldia hasi zenetik, zentralizazio prozesu indartsua darama PP alderdiak. Autonomia erkidegoen gaitasuna murriztu nahi dute; bereziki, Nafarroakoa eta Eusko Autonomia Erkidegokoa. Jarduera ahalmena eta konpetentziak murriztu nahi dituzte, baina ez dute estatuak aldatuz egin; oinarrizko legediaren bidetik egin dute. Nire ustez, ofentsiba ideologiko bat dago horren atzean. Zentralizatzailea da ofentsiba; independentismoaren goraldiari Espainiako eskuinak eman dion erantzuna. Aspaldi sortu zen erantzun ideologikoa da, eta estrategia politiko bat du atzean. Nafarroari egokitu zaio oraingoan; baina EAEko kontzertu ekonomikoan eskua sartzeko aukera badute, sartuko dute.
4. Uste duzu VWen BEZaren kudeaketa trikimailu bat dela eta antzeko trikimailu gehiago egon daitezkeela? Ez dut uste. VWen BEZaren kudeaketa horrela egitea erabaki zenean, 1994. urtean, prentsan azaldu zen. Ez zen sekretu bat izan. Gauzak gaizki egin zituzten; eta, aldatu eta ongi egin beharrean, lardaskeria bat egin zuten. 2012. urtean, Zerga Agentziak gauzak aldatu behar zirela erabaki zuenean, beste lardaskeria bat egin zuten. Nafarroan ez dira gauzak ongi egin. Nire ustez, UPNk ez du interes handirik gauzak aurrera ateratzeko, eta foruen defendatzaile itxura ematen jarraitu nahi du.
ROLDAN JIMENO (Historialaria)
"Epe luzera oso arriskutsua iruditzen zait gertatzen ari dena"
1. Porrot ekonomikoa ez dakit, baina astindu ekonomiko galanta jasotzen ari da Nafarroa, zalantzarik gabe. Azken batean, gure hitzarmen ekonomikoa formula matematiko baten inguruan kalkulatzen da, eta honek guztiak hankaz gora jartzen du gure sistema.
2. Alde batetik, epe motzeko kontua daukagu, eta ikusteko dago helegite horiek guztiek zer-nolako ibilbide juridikoa daukaten. Baina epe luzera oso arriskutsua iruditzen zait gertatzen ari dena, ez baitugu inoiz hainbeste astindu jaso; ez, behintzat, horren era jarraitu eta sistematikoan. Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria kili-kolo geratu da. Eta non geratzen dira eskubide historikoak eta autogobernua? Erasoak modu hain sistematikoan egitea konstituzioaren kontrako iruzur bat da, eta nafarren aurka, berriz, iseka hutsa.
3. Alde batetik, badakitelako Yolanda Barcinak ez duela ezer egingo PP alderdiaren kontra, eta haren erreakzioek, noski, argi eta garbi utzi dute hori. Ez du hartu kexa edota erabaki politiko sendorik; ez du ezer egin erasoei aurre egiteko. Eta, nire ustez, egin ahal zaie aurre. Zalantzarik gabe, estrategia politiko bati erantzuten dio gertatutakoak. PPren gobernuak, oro har legealdi honetan, zentralizazioaren alde egin du; arlo guztietan, ez bakarrik Nafarroarekin edo Euskal Herriarekin.
FERNANDO DE LA HUCHA (Zerga Zuzenbideko katedraduna NUPen)
"Nire ustez, Nafarroan egindako trikimailurik handiena da"
1. Ez dut uste; hitz horiekin ez. XIV. mendean sortutako egoera bat da hau. Espero dut egoerak errealitate bati erantzutea, eta ez presidentearen asmakizun bati.
2. Nafarroako foruen zerga kudeaketan umiltasunaren inguruko hausnarketa eragin beharko luke. Baina ez dakigu nola eragingo dion Nafarroari. Ez ditugu desioak errealitatearekin nahastu behar. Tradizionalki egin den bezala, elkarrekin joan beharko lukete talde guztiek. Argi dago egun, indar politikoa bananduta edo zatikatuta egonda, Madrilera doan edozein agintariren egoera ahula izango dela.
3. Espainiako Gobernuak ez du jarrera aldatu; egin behar zuena egin du. Beste gauza bat da Nafarroako Gobernuak gaizki egin izana; ez oraingoak, baizik eta aurrekoak. Baliteke, era berean, ez izatea egungo Espainiako Gobernua, baizik eta aurrekoa. Agerikoa da gauzak ez direla egiteagatik egiten. Nik ez dut sinesten aurreko astean Montorok esandakoa, ez zekiela helegiterik aurkeztu zenik. Kosta egiten zait sinestea.
4. Objektiboki, bai, bi aldeek onartutako trikimailu bat izan da. Jende askok zekien zerbait zen, eta momentu jakin batean eztanda egin du. Ni ez naiz politikoa, eta ez dakit zergatik egin duen eztanda. 2012. urtean gaizki egindako adabaki batekin konpondu zuten, eta gaizki egindako adabaki hori arrastaka iritsi da egungo egoerara. Orain, eztanda egin du. Normalean, gauzak ez dira kasualitatez gertatzen. Nire ustez, Nafarroan egindako trikimailurik handiena da; ez dut uste antzekorik dagoenik. Espainiako Zerga Agentzia tentela dela ematen du. Jende guztiak zekien, baina ez inork ez zuen ezer esaten. Baina ez dut uste agentzia tentela denik. Nafarroako Gobernuak bazekien, eta ondorengo gobernuek ere bazekiten. Nik ez dut uste errua Montororena denik: jende guztiak zuen horren berri.
MIGUEL IZU (Administrazio Auzitegiko kidea)
"Nafarroako indar politikoak batu beharko lituzke gertatutakoak"
1. Zorrei ezin aurre egitea esan nahi du porrot ekonomikoak, eta hori ez da egungo egoera. Baina 1.513 milioi euroko eskakizunak egoera larrian utziko luke ogasuna. Eta jada egoera zailean dago, beharrezkoak ez diren inbertsioetan egindako gastu politika arduragabeen ondorioz eta zerga politiken ondorioz. Zor hori zaila izango litzateke aurre egiteko.
2. Espainiak eskakizuna mantenduko balu eta auzitegiak Espainiaren alde ebatziko balu, Nafarroa larrialdi egoera batean sartuko litzateke. Espainiak esku hartu beharko luke, erreskatearen antzeko neurri bereziekin. Horregatik uste dut hori gertatu aurretik hitzarmen bat lortuko dutela. Nafarroako indar politikoak batu beharko lituzke gertatutakoak, baina oso zaila izango da, azken urteetan gobernuaren eta oposizioaren artean komunikaziorik eza delako nagusi.
3. Ez dut uste estrategiarik dagoenik, eta hala balego, oso baldarra izango litzateke. Kontuak eman behar ditu Espainiak Europako Batasunean, eta inozoa izango litzateke aitortu behar izatea BEZ legedia gaizki ezartzeagatik autonomia erkidegoetako batek finantza arazo larriak dituela. Gainera, mesede gutxi egiten die PPk alderdiak berak Nafarroan duen kudeaketari eta UPNrekin duen ustezko koalizioaren kideei. Hala ere, foru erregimenen kontrako doako erasoen bidez, alderdiak eta hauteskundeak pentsatu gabe erabili ditu PPk.
4. Kudeaketa lardatsa egin dutela erakusten du; eta epe luzera izango zuen bideragarritasuna kontuan hartu gabe ahal bezala egokitu dituztela kontuak epe motzeko ikuspegiarekin, urtetik urtera. Tamalez, kontularitza trikimailuak ohikoak dira.
AINHOA AZNAREZ (PSNko militantea)
"PPren eta UPNren arteko gatazka handitu egin da"
1. Foru Komunitateko gobernuak duen aktibitaterik eza agerian geratu da urteotan. Yolanda Barcina kudeatzaile gisa porrot egiten ari da, ez baitie irtenbiderik ematen ez enpleguari ez ekonomiari. Batzuetan gobernua existitzen ez den irudipena daukagu nafarrok. UPNren kudeaketak sistema publikoa desegiten du. Horren adibide da VWen BEZaren kasua.
2. Betiko agintari kapitalista da. Lehendabizi, etekinak pribatizatu zituzten, eta behi gizenekin gelditu ziren. Orain, dena jan eta edan ondoren, faktura guk ordaindu behar dugula esaten digute behekoei. Urteetan, zakur amets bat saldu ziguten, gezur bat. Baina, azkenean, iruzurra agerian gelditu da, eta begi bistan dago: pertsona bakar batzuk gero eta aberatsagoak dira, eta %99 gero eta pobreagoak dira.
3. Ustez, aliatuak dira PP eta UPN. Espainiako Gobernuaren eta Nafarroakoaren arteko leialtasuna azpimarratzen dute, baina PPren eta UPNren arteko gatazka handitu egin da. Ezin dut ulertu bikote politikoa izanda Espainiak helegiteak jartzea Nafarroako Parlamentuak onartutako hamabi legeren aurka. Lege horiek oposizioak onartu ditu, eta Barcinaren erantzuna parlamentua ez babestea izan da. Non gelditzen dira autogobernua, hitzarmen ekonomikoa, foruak eta nafarrok dauzkagun eskubideak? Azpijokoen teoriek jada ez dute baliorik, agerian geratu baita UPN gobernuan dagoenetik Nafarroako autogobernua ahuldu egin dela.
4. VWen afera ez da beste trikimailu bat: hau UPNren eta Barcinaren kudeaketaren beste ondorio latz bat da. Beste helegite bat dugu aurrez aurre. Horrek esan nahi du Nafarroa porrot teknikoko egoeran dagoela.