Garraiolarien greba bukatu ez bada ere, errepideetan normal ibil daiteke, eta Euskal Herriko lantoki handi batzuetan berriro lanean ari dira. Esate baterako, Iruñeko Volkswagenen gaur hasi da, baita Gasteizko Mercedes Benzen ere. Irizarren, atzotik. Azkeneko bi-hiru egunetan geldirik egon dira, hornikuntza faltagatik. Sidenor eta Fagor Etxeko Tresna Elektrikoak ere piezak jaso bezain pronto hasiko dira.
Dena dela, Mercedes Benzek jakinarazi du gaur arratsaldean gelditu egingo dela, baita bihar goizean ere, ez duelako behar beste material lanerako. Astelehenetik ekingo diote martxa normalari.
Fenadismerrek, Confedetransek eta Antidek -sektorearen %12 osatzen dute- aparteko batzar orokorretan urritzat jo zituzten Espainiako Gobernuak bezperan proposatutako neurriak, eta mobilizazioak mantentzea erabaki dute, "gutxieneko tarifaren eskaera kontuan hartu arte". Espainiako Gobernuak esan du beste %88arekin akordioa lortu duela.
Tradisna Nafarroako Garraiolari Autonomoen Elkarteak ere mobilizazioei eutsi eta "haiek gogortzea" erabaki du. Hiru sindikatuak ere protestekin jarraituko du. Aitzitik, Guitranseko kideek atzo egindako batzarrean greba bertan behera uztea erabaki zuten. Sintrabik, Arabako Garraiolarien Elkarteak eta Egas sindikatuak ez dute beren asmoen berri eman, baina badirudi protestekin jarraituko dutela.
Taxi gidariek ere tarifak igotzeko eskaera
Espainiako Taxi Konfederazioak gaurko deituta zuen greba bertan behera uztea erabaki zuen atzo gauean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taxi gidariek, ordea, bezeroei ezarri beharreko tarifak igotzeko eskatzen dute. Atzo izan zuten aurreneko bilera Eusko Jaurlaritzako Garraio departamentuko ordezkariekin. Eta Saturnino Garcia elkarteko presidenteak bilera amaieran adierazi zuenez, "negoziatzeko borondatea" erakutsi dute batzuek zein besteek. Asteartean elkartuko dira berriro. Garciak iragarri duenez, %4 inguruko igoera eskatzen duen "proposamen zehatza" egingo diote Jaurlaritzari.
Autobusen kontrako sabotajeak
TCSA autobus konpainiak Bilbobus eta Bizkaibuseko 52 autobusen aurkako sabotajeak salatu ditu. TCSAren arabera, gaur goizeko lehen orduan gertatu dira ekintza horiek, eta gurpiletako balbulak ezgaitu dituztela azaldu du.
Garraiolarien greba
Volkswagenen eta Mercedes Benzen lanean ari dira gaur
Garraiolarien greba bukatu ez bada ere, errepideetan normal ibil daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu