Krisiaren ondorioak

Xakea soldatei

Inoizko ordain igoerarik txikienak hitzartu zituzten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eragina duten lan hitzarmenetan; soldaten jaitsiera da barne debaluaziorako estrategiaren ondorio zuzenena.

Ivan Santamaria.
2014ko martxoaren 12a
17:48
Entzun

Barne debaluazioa. Lan erreformaren bidez Espainiako Gobernuak bete nahi zuen isilpeko helburua. Zer dago kontzeptu horren atzean? Kostuak murriztuta lehiakortasuna irabazteko asmoa. Diru debaluzio klasikoa ordezkatu nahi du horrela, euroa izateak alde bakarreko aukera hura ezabatu duelako. Teorian, ordainak, irabaziak eta prezioak mugatu beharko lituzke barne debaluazio batek; praktikan, ordea, oso zaila da neurtzea zer ari den gertatzen faktore bakoitzarekin. Presiorik handiena, hori bai, soldaten gainean jarri da.

Debaluazio mota ezberdinek ondorio ezberdinak dituzte. Kanpo debaluzio klasikoak, esaterako, sektore esportatzaileei egiten die mesede, inportatzaileen kaltetan. Errenta pertsonalaren banaketan, berriz, ez da aparteko efekturik nabaritzen. Ez da gauza bera gertatzen barne debaluazioarekin. "Soldatapekoek euren gain hartzen dute doikuntzaren zama, ordainen jaitsierarekin eta langabeziaren hazkundearekin. Esan liteke eragin erregresiboa duela, errenta banaketaren ikuspuntu batetik", azaldu du Javier Bilbao EHUko Ekonomia irakasleak. Antzeko iritzia du Baleren Bakaikoa EHUko Ekonomia katedradunak: "Sektore oso bat, langileak, txiroago egiten ditu. Langileen eskuetara doan errentaren zatia txikituz doa, eta azken urteotan azkartu egin da hori".

Zer diote datuek? Orain dela gutxi, LHK Lan Harremanetarako Kontseiluak iazko negoziazio kolektiboaren azken datuak eman ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eragina duten lan itunetan, inoizko soldata igoerarik txikiena hitzartu zen joan den urtean: %0,79. EAEn bertan negoziatu eta sinatu ziren lan itunetan, ehunekoa apur bat handiagoa izan zen: %1,05. Edonola ere, urteko inflazioaren azpitik geratu zen batez besteko igoera. 2014. urteko hasiera eskasagoa izan da: 33 itun sinatu dira, eta batez besteko soldata %0,48 igo da.

Azken hogei urteotako datuak aztertuta, oso gutxitan egon da inflazioa soldata igoeraren gainetik. Baina azken hiru urteotan hala gertatu da; bizimoduaren kostua baino gutxiago handituta, erosahalmena galdu dute ordainek. Aldez aurretik sinatu ziren itunen efektua ere lausotuz doa: indarrean dauden lan itun guztien batez besteko soldata %1 baino gutxiago handitu da.

Beste neurgailu bat INE Espainiako Estatistika Erakundeak ematen du, lan kostuen inkestaren bidez. Horretan, beherakada ez da hain nabarmena, baina azken datuek islatzen dute soldatak geratuta daudela, ez gora, ez behera. Bestalde, Espainiako Bankuaren azterketa batean ondorioztatu dute 2010. urtetik aurrera soldata errealak %2 baino gehiago erori direla: estatistika ofizialek ziotena halako bi. Ez dago daturik Hego Euskal Herrirako.

Inflazioa, begiz jota

Inflazioaren eta ordainen arteko lotura begiz jota du Ekonomia Ministerioak. Azken finean, soldatak negoziatzean ezinbesteko erreferentzia bihurtu da inflazioa. Orain, beste aldagai batzuk erabiltzea bultzatzen ari da gobernua. Hala egin du, esaterako, pentsioak nola eguneratu finkatuko duen sisteman, inflazioa zokoratuta.

Enpresen eta langileen negoziazioan ezin du hori inposatu, baina ordezko bat aurkeztu berri du: lehiakortasuna bermatzeko indizea. Kontsumo prezioen indizearekin batera argitaratuko da, eta helburua prezioen egonkortasuna "betikotzea" da; behintzat, azken urteotan eurogunearekin galdutako lehiakortasuna berreskuratzen den arte, gobernuak egindako kalkuluen arabera.

Berez, prezio publikoak eguneratzeko erabiliko da sistema, edo ordezko bat propio aipatzen ez duten alokairu kontratuetan. Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak behin baino gehiagotan exijitu diote negoziazio kolektiboan inflazioaren erreferentzia ezabatzea. Horren ordez, produktibitateari lotzea aholkatu dute. Haatik, ez dago hain garbi hori kalkulatzeko nolako aldagaia erabili behar den, eta halako mugimendu sakon batek soldaten erosahalmena are gehiago higatzeko arriskua dago.

Inflazioaren eta soldaten arteko lotura hori ez da lege bidez hautsi. Praktikan, ordea, antzeko filosofia bat onartu dute Espainiako patronalak eta sindikatu nagusiek. CEOEk, UGTk eta CCOOk 2012-2014ko eperako sinatu zuten negoziazio kolektiborako akordioan jasota dago. Soldata igoerak %0,5era eta %0,6ra mugatzen ditu, eta eguneratzeko aukera aipatzen du soilik EBZren inflazio helburua (%2) gainditzen bada. Gainerakoan, soldatak gehiago igotzeko aukera ekonomiaren hazkundearekin lotzen du zuzenean.

Barne debaluaziorako estrategiaren zutabe nagusia soldata hazkundea gelditzea da, baina prozesu horrek, era berean, kostuen eta prezioen igoera mugatu beharko luke. Oro har, estrategiak inflazioa eurogunekoaren azpikoa izatea eskatzen du. Haatik, Europan bertan inflazioa oso apala da gaur egun. Deflazioaren mamua ere agertu da; hots, prezioak etengabeko espiral batean jaistea, ekonomiaren egonkortasuna arriskuan jartzeraino. Deflazio arriskurik handiena pasatu dela uste du Javier Bilbaok, baina jarduerak indarra hartzea kostako dela uste du. "Batez besteko soldata errenta murrizteko dinamikak traba egiten dio eskaera suspertzeari, zalantzarik gabe". Gainera, uste du austeritate neurriekin batera gertatzeak zaildu egiten duela krisiaren aurreko hazkundera itzultzea.

Europarekin galdutako lehiakortasuna ez da soldaten igoera neurrigabe baten ondorio, edo ez horrena bakarrik. "Azken hamarkadan soldatak neurriz igo izan direla esan liteke", Bilbaoren aburuz. Gakoa, haren ustez, produktibitate falta da. "Lanaren produktibitatea gelditu egin da, 1995etik 2009ra %0,4 soilik handituta urte arteko tasan. Enplegua erruz galtzen denean soilik izaten ditu gorakadak". Era berean, Bakaikoa katedradunak uste du hori dela lehiakortasuna irabazteko faktore erabakigarria. "Teknologia berrien erabilerarekin eta, oro har, berrikuntzarekin handitu liteke produktibitatea, ez soilik lan kostuak jaitsita. Arazoa da enpresaburuak oso errentadun direla Espainian; antzinako pentsamoldea dute, eta gutxi egiten dute apustu berrikuntzaren alde".

Gobernuak beste bide bat ireki du soldatak mugatzeko. Negoziazio kolektiboaren erreformak inoiz baino aukera zabalagoak ematen dizkie enpresei hitzarmenetan sinatutako baldintzak bertan behera uzteko. Enpresa barruko malgutasun neurri horiek apurka hedatuz doaz. Lan Harremanetarako Kontseiluaren arabera, iaz 69 aldiz bertan behera geratu ziren lan itunetan ezarritako baldintzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horren ondorioz, ia 3.000 langileri ordainak jaitsi zitzaizkien. Soldatapekoen oso ehuneko txikia dira oraindik, baina bidea ireki da. Batez besteko soldata murrizketari buruz ez dago daturik. Espainiari dagokionez, Sagardoy fundazioaren lan erreformaren behatokiak kalkulatu du soldatak batez beste %10 txikitu direla.

Ordainen partea txikitzen

Enpresaz enpresa eta sektorez sektore, egoera asko aldatzen da. Haatik, datu makroekonomikoen soldaten pisu galera egiaztatzen dute. Nagusia barne produktu gordina da, errenta mota ezberdinen arteko banaketa aztertuta. Nafarroan, esaterako, azken bi urteotan etenik gabe jaitsi da soldatak ordaintzeko emandako dirua, hiruhilekotik hiruhilekora. Bitarte horretan, ordea, kapital errentek hazkunde positiboari eutsi diote.

Eustatek ez du ematen BPGaren errenten araberako banaketaren berri hiru hilean behin. Urte osoko kontu ekonomikoetan, berriz, datu kontrajarriak ematen dituzte Eustatek eta INEk. Hala, Eustaten arabera, 2011 eta 2012 artean soldatapekoen ordain osoa %0,7 baino ez zen txikitu. INEk, berriz, zulo hori askoz ere handiagoa izan zela kalkulatu du: %5,7. 2009ko atzeraldi handian ordainen parteak izandako jaitsiera halako bi da. Nafarroan ere %5,4 jaitsi ziren soldatapekoen ordainak 2012an.

Eusko Jaurlaritzak errentaren banaketaren inguruan argitaratu duen beste txosten batek antzeko ondorioak jaso ditu: 2008 eta 2012 artean, diru sarrera errealak %6 txikitu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Soilik lan etekinak kontuan hartuta, murrizketa %9 izan zen. Azken lau urteotan, mila eurotik beherako soldatak dituzten beharginen kopurua %23 handitu da: 200.000 inguru dira orain, barne debaluazioaren garaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.