Lan gatazka

Xeyko langileek greba mugagabera deitu dute

Zumaiako altzari enpresa konkurtsoan dago, eta han diharduten ehun langileek ez diztuzte azken hiru soldatak jaso

Xeyko lagileak 2012an egindako mobilizazioetan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2017ko ekainaren 23a
09:33
Entzun

"Xeyko langileok gure lanpostuen bermea eta enpresaren etorkizunaren alde borrokan dihardugu aspaldian", azaldu dute ohar batean sukaldeko altzari enpresako beharginek. Xeyk arazo larriak dauzka gaur egun, eta konkurtsora jo zuen berriki. Langileek hiru soldata dituzte kobratu gabe, eta salatu dute egungo zuzendaritzak ez diela ematen enpresaren egoeraren inguruko informaziorik: "Ez dute hartu etorkizunaren aldeko konpromisorik". Hori dela eta, "irtenbide baten alde mobilizazio planteamenduak areagotzea" erabaki dute langileek gaurko batzarrean.

Hala, ekainaren 27rako egun osoko grebara deitu dute; 28an eta 29an, berriz, goizean geratuko dira, 08:30etik 13.00era; eta uztailaren 3an greba mugagabea iritsiko da, baldin eta zuzendaritzak ez badie eskaintzen zerbait berria. Lehen-lehenik, enpresari buruzko benetako informazioa, eta, ondoren, enpleguen aldeko konpromiso zehatzak. Ehun langileetatik 87k mobilizazioen alde bozkatu dute.

Duela bost urte ere, Zumaiako Xey egoera larrian egon zen etxebizitzen puxikaren lehertzearen ondotik. Soldatak heren bat murriztea proposatu zuen zuzendaritzak orduan. Bistan da: 2012ko gaitzak ez dira behar bezala osatu, eta orduko 150 langileen lantaldea 100ekoa bihurtu da azken bost urteotan. Ikusteko dago konkurtsoan enpresa gai ote den aurrera ateratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.