Teknologia

Yahook onartu du 500 milioi erabiltzaileren datuak lapurtu dizkiotela

Zuzendaritzak zehaztu du helbide elektronikoak, pasahitzak eta telefono zenbakiak lortu dituztela hackerrek, baina ez bankuetako kontu zenbakirik.

Inoizko datu lapurreta handiena salatu du Yahook. JOHN G. MABANGLO / EFE
2016ko irailaren 23a
13:36
Entzun

"Estaturen batek bultzatutakoa" izan daiteke azken urteetako datu lapurreta handiena. Hala zehaztu du AEBetako Yahoo konpainiak, baina zein estatuz ari den esan gabe. Izan ere, badira hilabete batzuk Interneteko enpresa erraldoiari erabiltzaileen datuak lapurtu zizkiotela, baina aste honetan zehaztu du milioika direla kaltetuak, 500 milioi zehazki.

"Egiten ari garen ikerketaren arabera, Yahook uste du 500 milioi erabiltzaileren datuak lapurtu dituztela", aitortu du enpresak komunikatu batean. Hackerrek hartutako datuen artean daude erabiltzaileen helbide elektronikoak, pasahitzak eta telefono zenbakiak, baina ez bankuko kontu korronteen datuak. "Yahoo segurtasun indarrekin elkarlanean ari da gertatutakoa argitzeko".

Duela hilabete batzuk zabaldu zen lapurretaren albistea. Hasierako filtrazioen arabera, 200 milioi erabiltzaileren datuak eskuratu zituzten eta sarean jarri zituzten salgai. Horiek hala, enpresak eskatu die erabiltzaileei alda ditzatela eren pasahitzak eta gainbegiratu ditzatela kontuak, hackerrek kalte gehiagorik egin ez diezaieten.

Ez da lehen aldia

Dena den, ez da lehen aldia nazioarteko enpresa erraldoi batek halako lapurreta bat jasaten duena. Duela hilabete batzuk Linkedini eraso zioten hackerrek, eta 360 milioi erabiltzaileren datuak eskuratu dituzten. Horren aurretik, berriz, MySpaceri 100 milioi erabiltzaileren datuak kendu zizkioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.