Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte gaietako sailburuak epelak entzun behar izan zituen atzo, abenduan gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntza kenduko dizkietelako 6.262 etxeri. Jaurlaritzaren arabera, 6.262 kasu horietan ez dute betetzen laguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza bat: laguntza jasotzen duten bitartean enplegu zerbitzuetan izena emanda egotea. Urtarrilean baldintzak betez gero, laguntza jasoko dute berriro. Oposizioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta sindikatuek gogor kritikatu dute neurria, ahulenen kontrakoa delako eta susmagarri bihurtzen dituelako.
ELA eta LABenak izan dira hitz gordinenak. «Halamoduzko sozialista» deitu zion Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Gasteizen egin zuten ekitaldian.
Zabaletak azaroan iragarri zuen zorroztasunez kontrolatuko dutela ea gizarte laguntzak jasotzen dituztenek baldintzak betetzen dituzten, iruzurra saihesteko. Muñozentzat, iruzurraren kontrako borroka baino gehiago, laguntza jasotzen dutenen kontrako «gurutzada» da. «Ikusarazi nahi dute», esan zuen Muñozek, «krisiaren erantzuleak laguntzak jasotzen dituztenak direla». Zabaletari eskatu dio denbora utz diezaietela laguntza ukatu dietenei, beharrezko agiriak aurkezteko,«zerga iruzurra egiten dutenei uzten dieten denbora berdina».
Ildo horretan, babesgabeenak delitugileen moduan tratatzea eta zerga iruzurra egiten dutenen aurrean isilik geratzea leporatu zion Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Zabaletari.
Benetako iruzurra zerga zergetan egiten dena nabarmendu zuen Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. Sozietate zerga ikertzeko eskatu dio.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ariketa sinplea egin du: laguntzak jasotzen dituztenen eta enplegu zerbitzuen datu baseak alderatu ditu, eta bigarrenean ez daudenei laguntza kenduko die. Eider Mendoza EAJko legebiltzarkideak uste du «arduragabekeria» dela horrela 6.262 familia, laguntzarik gabe uztea, «zer egoeratan geratzen diren ezagutu gabe, gehien behar dutenean».
Konpontzeko denbora eske
Juan Maria Aburto Bizkaiko Gizarte Ekintzarako diputatuak nabarmendu nahi izan du ez direla iruzur kasuak, irregulartasunak baizik, baldintza formal bat betetzen ez delako. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkidearentzat irregulartasun administratiboa ez da arrazoi nahikoa beste laguntzarik ez duten familiei oinarrizko errenta ukatzeko. Aburtorentzat, EBrentzat eta CCOOrentzat egokiagoa litzateke, zuzenean laguntza kendu ordez, arazoaren berri eman eta konpontzeko epe bat zehaztea.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak kritika guztiei erantzun die esanez legea bete duela; prozedura ondo egin dutela, ez dela alderaketa informatiko hutsa; eta ez dela posible duela bost urtetik 13.000 lagun laguntzei esker bizitzea, lana bilatzen saiatu gabe. «Kualifikazioak eta lanak izan behar dute gizarteratzeko motorrak», nabarmendu du.
Eusko Jaurlaritzak onartu du laguntza kentzea, baina diputazioek betearazi beharko dute.
Zorraren krisia. Defizita murrizteko neurriak
Zabaletak behartsuak susmagarri bihurtu dituela salatu dute
Jaurlaritzak oinarrizko laguntza kendu die abenduan 6.262 etxeri, enplegu zerbitzuetan izena ez emateagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu