ELA eta LAB ez dira CCOOren eta UGTren zain egon pentsioen erreformaren aurkako greba egunera deitzeko. Erabakia ez da ustekabea; Espainiako sindikatuen balizko grebara aurreratuta, gehiengo sindikalak aldarrika dezake dinamika propioa duela. Gainera, agian CCOO bultzatuko du egun horretan deitzera, ekainean egin zuen moduan. Unai Sordoren sindikatuak ez zuen ongi hartu ELAk eta LABek iraileko grebarekin bat ez egitea, baina protesta horrek hemen izan zuen erantzun apala ikusita, argi geratu zitzaion indar erakustaldirik ezin dela egin sindikatu abertzalerik gabe.
Grebaren bidez diputatuen botoa baldintzatu nahi duela dio gehiengo sindikalak. Asko jota, EAJ presionatzeko ahalmena du, baina ez zaio erraza izango, jeltzaleek izan baitira orain arte PSOEren proposamenekiko jarrera ulerkorrena erakutsi dutenak. Maiatzean hauteskundeak daude, ordea, eta hitzordu egokia da hori alderdiengan eragiteko.
Herritarrak protestara erakartzeko arrazoi nagusia erretiroaren adina atzeratzea da. Amu eraginkorra da, Ipar Euskal Herrian argi geratu zen moduan. Baina badira beste puntu eztabadaitsu batzuk. Horietako bat da pentsioen urteroko igoera kalkulatzeko baliatzen den sistema. Azken urteotan %2 igo da, KPIaren aurreikuspena hori baita beti; hortik gora joz gero, erosteko ahalmena berreskuratzen zuten pentsiodunek hurrengo urtean. Alabaina, 2009an lehen aldiz gertatu zen inflazioa pentsioen oso azpitik geratzea; %0,3, alegia. Ondorioz, praktikan %1,7 igo zen pentsiodunen erosteko ahalmena. Toledoko Itunak, ahalik eta modurik diskretoenean, proposatuko du halako kasurik berriz gertatzekotan igoera hori ez kontsolidatzea. Hau da, hurrengo urtean igoera hori ez kontuan hartzea pentsioa kalkulatzean.
Analisia. Iker Aranburu
Zain egon gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu