Nafarroako zainzuriak eta kalitatea zaku berean sartu ohi dira. Hori jakinda, zainzurien izen onaz baliatu nahi duenik bada, iruzur egiten saiatzeko. Calahorrako (Errioxa) Coronas de Navarra enpresak, adibidez, Nafarroakoak ez diren produktuak saltzeko etiketa «nahasgarriak» erabili ditu. Hala ebatzi du Errioxako Probintzia Auzitegiak, eta ondorioz, marka erabiltzeari utzi, produktu guztiak merkatutik kendu eta 10.000 euroren zigorra ordaindu beharko du enpresak.
Errioxako auzitegiak berretsi egin berri du aurretik Logroñoko 6. Instrukzio Epaitegiak emandako epaia. Auzitegiaren arabera, legedia «urratu» egin du enpresak, saltzen den produktua ez dagoelako Nafarroako Zainzuriaren Adierazpen Geografiko Babestuan izena emanda. Zainzuri horiek Peru edo Txinako jatorria zuten, hain justu.
Jatorri izenaren Arautze Batzordeak jarri zion salaketa Coronas de Navarrari —Celorrio enpresarena da—, Nafarroakoa hitza modu desegokian erabiltzen zuelakoan. Jatorri izen hori duten produktuak soilik Nafarroan, Aragoin eta Errioxan ekoiztu daitezke.
Coronas de Navarrak bere enpresaren berri ematen zuen ontziaren etiketan, hizki handitan —herria, helbidea, telefonoa, webgunea—; horiek, ordea, zainzuriak merkaturatzen diren enpresaren datuak besterik ez dira. Ontziaren albo batean eta letra txikiagoan zehazten zen jatorria, lehen begiratuan oharkabean pasa daitekeena.
Ez da Nafarroako zainzurien etiketetan iruzurra atzeman den lehen aldia. 2001ean Jaurlaritzak ohartarazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saltokietan gaizki etiketatutako produktuak zeudela. Orduko hartan Txina eta Peruko zainzuriak Nafarroakoak bailiran saltzen zituzten. Ikerketa baten bitartez, 29 saltokitatik bostetan gaizki etiketatutako zainzuriak atzeman zituzten. Produktu horietan ez zen jatorriaren berri ematen, edo soilik Espainiako produktua izena zeramatzaten.
Txinatik eta Perutik merkeago inportatutako zainzuriek kalte egiten diete nekazariei. Are gehiago krisi garaiak direla kontuan hartuta. Nekazariari ez zaio errentagarri zainzuria produzitzea, eta Nafarroako Zainzuriaren Adierazpen Geografiko Babestuan izena emanda dauden nekazarien kopurua etengabe jaitsi da 1990tik: urte horretan 7.500 nekazari zeuden; iaz, 371 nekazari bakarrik. UAGN sindikatutik ohartarazi dute babes marka galtzeko zorian egon daitekeela hiru urteren buruan, ez bada etiketetan iruzurra saihesteko neurririk hartzen. Haien arabera, inportatuko zainzurien etiketen asmoa kontsumitzailea engainatzea da.
Atzemandako kasuak
Zainzuri «nahasgarriak» Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu