Gipuzkoako Foru Aldundian egin zuen Gallastegik iragarpena, Euskadiko Kutxaren 2002ko txosten ekonomikoaren aurkezpenean. Susperraldiaren hiru zantzu aipatu zituen Gallastegik: industriaren produkzioaren beherakadari buelta eman zaiola azken hilabeteotan, enplegua motelago bada ere sortzen dela eta kanpo merkataritzak «nabarmen hobera» egin duela. Esportazioak izan dira, hain zuzen ere, azken urtean Hego Euskal Herriko ekonomia moteldu duena, batik-bat Frantzia eta Alemania bezero nagusiak krisian zeudelako.Honakoak dira 2002ko txostenaren ezaugarri nagusiak:
-EGOERA OROKORRA: Urte hasieran suspertze zantzuak agertu baziren ere, hilabeteek aurrera egin ahala ezkortasuna nagusitu zen. AEBetako ekonomiaren susperraldi apalak, burtsen emaitza kaskarrak eta Europako Batasuneko ekonomiarik indartsuenen ahulaldiek baldintzatu zuten Hegoaldeko ekonomiaren garapena. «Atzerrira oso zabalik gaudenez, munduko ekonomia nagusietan moteltze zikloak daudenean gure ekonomia hauskorra da», arrazoitzen du txostenak. EAEn iaz (%1,7) 2001ean (%2,9) baino motelago hazi zen Barne Produktu Gordina eta Nafarroan, berriz, %2,8an mantendu zen hazkundea. Dena den, 1998an hazkundeak goia jo zuenez geroztik, nabari da bai EAEn bai Nafarroan jardura ekonomikoa moteltzen joan dela, bereziki 2001etik aurrera.
-Sektoreak: Liburuak nabarmendu du eraikuntza izan zela iaz «sektorerik dinamikoena». Produkzioa eta eskarien zorroak igo eta enplegu berriak sortu ziren eraikuntzan, baina Nafarroako ekonomiaren baitan pisua galdu zuen iaz. Zerbitzuen sektorea urrira arte apal hazi bazen, azken hilabetetan erritmoa bizitu zuen. 90eko hamarkada bukaeran ekonomiatik tira egin zuen industriak, berriz, batez bestekoaren azpitik hazi zen iaz, «mundukoindustria jarduera apalagoaren ondorioz». Lehen sektoreak, azkenik, atzerakada nabarmena izan zuen EAEn.
-Barne eskaria:Hemen datza motelaldiaren arrazoi nagusietako bat: batetik barne eskaria % 2 baino ez zen hazi eta inbertsioa 2001eko %4,4tik %2,4ra pasa zenEAEn. Eraikuntza izan zen salbuespen (%6,8). Nafarroan motelaldiak ez zuen kontsumoan eraginik izan, baina bai, ostera, inbertsioetan.
-Prezioak eta soldatak: Aurreko urtetan bezala, prezioek gorako joerari eutsi zioten: %3,9 EAEn eta %4 Nafarroan. Bestetik, 360.000 langileri eragin zieten 491 lan hitzarmen izenpetu ziren Hegoaldean: EAEn, batez beste %4ko soldata igoera hitzartu zen (%4,4 2001ean) eta %4,8koa Nafarroan (%3,9 2001ean).
-lan mundua:Txostenaren arabera, iaz enpleguen sorrera moteldu egin zen. Urte bukaeran 1,123 milioi lagunek zuten enplegua (2001ean baino %1,2 gehiago) eta 106.500, berriz, lanik gabe (%0,9 gehiago). «Gazteak eta emakumeak izan dira langabeziak gehien eragin dien bi taldeak». Emakumeen kasuan langabeenkopurua mantendu zen, eta gizonezkoenak behera egin zuen %2,2. Esanguratsua da %31,5 direla bi urte baino gehiago daramatenak langabe. Azkenik, 2002an lau lurraldetan egindako kontratuetatik %8,4 baino ez ziren mugagabeak izan.
-
Datua
18
Atzerriko enpresek 18 milioi euro inbertitu dituzte aurtengo lehen sei hilabeteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko epe berdinean baino %18 gutxiago. SEAk «kezka handiz» hartu du datua eta «ziurgabetasun politikoari» egotzi dio. PPk eta PSEk «Ibarretxe Planaren ondorio» dela esan dute. Confebaskek, zuhurrago, datu bakarrak ondoriorik ateratzeko balio ez duela ziurtatu du.