Zapi eta gerrikoez harago, burtsa indizeak ere gorritu ziren atzo Euskal Herrian eta Europan. %1,4na inguruko galerak izan zituzten Bilbao, Ibex eta Eurostoxx-50 indizeek. Bilboko kasuan, Santander (-%2,34) eta BBVAk (-%1,51) eman zituzten jauzi gorri pisutsuenak; baina txupina Arcelorrek (-%4,28) jaurti zuen, %3na pasa galdu zuten Telecinco eta Gamesa balkoian lagun zituela. Inbertsiogileak Iruñeko udaletxe plazan baleude lez, 1.625 milioiren salerosketa baino ez zen izan. Finean, enpresen mozkinak plazaratu arteko egunok erdi jai izan litezke, berri makroekonomiko handirik ezean. Wall Street ere ez zen sendoegi hasi eta Ibex-35 (-%1,43) 9.600 puntuen langaz azpitik da. Banestoren (-%1,35) seihileko mozkina iazkoa baino %11 txikiagoa espero duteanalistek; bihar plazaratuko da zezen hori. Bien bitartean, akzioak erosteari baino gehiago, edanari emanak zaizkio inbertsiogileak. Jaiak nahiz urtea, biak baitira luzeak.
BBVA. Mexikon bi egoitza berri eraikitzeko 648 milioi erabiliko ditu BBVAk (-%1,51); Madrilen ere egoitza zentral berria eraikitzen ari da, hirigunetik at, 800 milioi erabiliz. Bilbon, aldiz, salgai dauka Kale Nagusiko bere egoitza nagusia. Zapiak alferrik dira.
Repsol. Euriborrak behera segi arren, inbertsioen doikuntza azkarragoa doala dirudi. Eroskik Madrilgo bost supermerkatu saldu ditu eta Gaztela Mantxako aurrezki kutxak 42 bulego itxiko ditu bere erkidego autonomotik at. Repsolek (-%1,84) salduko ote du YPF?
Zapiez harago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu