Baikor batzuk eta zuhur eta eszeptiko beste batzuk. Horrela hasi dute eurotaldeko bilera euroguneko hemezortzi Finantza ministroek. Bileran parte hartzen ari dira troika osatzen duten hiru erakundeetako buruek, hala nola Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidentea, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko lehendakaria eta Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria. Goizean, hiru erakunde horiek beren txostena aurkeztu diete euroguneko kideei. Horren arabera, Alexis Tsiprasek ostegun gauean igorritako proposamena abiapuntu egokia da negoziazioak hasteko.
Egitekotan, ez dute behin betiko akordioa egingo, egun gutxiren buruan amaitu beharreko negoziazioen hasiera baizik ez da izango. Ezezkoa badago, egoera bideratzeko azken saioa egingo dute igandean euroguneko gobernuburuek eta horrek huts egiten badu, Grexit-erako prestatuko dira.
Baikorren artean Pierre Moscovici azaldu da, Europako Batzordeko Ekonomia komisario frantziarra. "Erakunde guztiek esan dugu plan hori negoziaziorako oinarri ona izan daitekeela". Uste du Greziako Gobernuak keinu inportantea egin duela, Greziako Parlamentuak gehiengo handiz onartutako proposamena bidali baitu". Baikor azaldu da Michel Sapin Frantziako Finantza ministroa ere.
"Oso bilera gogorra izango da", ohartarazi du haren hasieran Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroa. Antzeko zuhurtasuna adierazi du Jeroen Dijsselbloem eurotaldeko presidenteak, eta nabarmendu du mesfidantza handia dagoela Greziako gobernu ezkertiarrarekiko.
Londresko The Guardian egunkarian kaleratutako iritzi artikuluan, hasiera-hasieratik Grezia eurotik ateratzearen alde izatea egotzi dio Schaeubleri Giannis Varufakis Greziako aurreko Finantza ministroak. «Frantziari Jainkoaren izua gorputzean sartu nahi dio eta eurogune diziplinarioaren eredua onartarazi». Alemaniako Bild egunkari populistak gaur kaleratu duenez, zatiturik dago Alemaniako Gobernua: Grexit-a nahi du Schaeublek eta hori eragotzi nahi du Angela Merkel kantzilerrak.
Merkelen zalantzak
Alemaniako gobernuburuak badaki ezezkoa emanez gero Grezia eurotik atera izanaren erantzukizuna bere bizkar geratuko dela; baina, halaber, daki Grexit-a dela gaur egun hipotesi gustukoena bere herrialdean. Hori eskatu dute azken egunotan Alemaniako egunkari nagusiek, eta horren aldeko gero eta diputatu gehiago daude Merkelen CDU-CSU batasun kontserbadorean. Orain Greziari beste 53.500 milioi emateko babesa lortzeko izerdia bota beharko du, baina behar badu lortuko duela ez du inork zalantzan jartzen. Koalizio handiak —CDU-CSU eta SPD— Bundestageko 631 aulkietatik 504 ditu, eta oposizioko Berdeek eta Die Link ezkertiarrak (Syrizaren aliatua) ez dute oztoporik jarriko.
Alemanian ez bada, oztopo horiek sor daitezke Greziarekin gogor jokatu nahi dutenekin, Finlandian, Herbehereetan, Eslovakian edo Errepublika Baltikoetan.
Beste arazo bat da zenbakiena. Tsiprasen proposamena duela ia bi aste baztertutakoaren antzekoa da. Baina orduz gero egoera ekonomikoak okerrera egin du Grezian, batez ere bankuak itxi zirenetik. Enpresa asko geratuta daude langileei ordaintzerik edo lehengaiak inportatzerik ez dutelako. Zerga ordainketa ere moteldu da, eta turista askok beren oporrak bertan behera utzi dituzte. Aurten hazkundea izateko iragarpenak aspaldi aldatu ziren eta %3ko uzkurtze bat espero dute orain. Horrek askoz zailagoa egiten du Tsiprasen kalkuluek funtzionatzea. Gainera, hauteskunde garaian hasi eta azken asteotan bizkortutako kapital ihesak oso ahul utzi ditu bankuak, eta 14.000 milioi euro inguruko kapitalizazioa beharko dute.
Parlamentuaren babesa
Akordioa errazte aldera, erreformak bizkor indarrean jartzeko prestasuna erakutsi nahi izan du Tsiprasek, eta parlamentura igorri zuen atzo proposamena. Goizaldean bozkatu dute; aldeko 251 botorekin, erraz atera da aurrera. Soilik 32k bozkatu dute kontra, eta Syrizako zortzi kide abstenitu egin dira, haien artean parlamentuko presidentea eta Energia ministroak.