Zazpi milioiko isuna jarri diete Bilboko Portuko garraiolariei

Bezeroak banatzea, prezioak finkatzea eta akordioak betetzeko begiraleak jartzea leporatu diete

Erredakzioa
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Kartel bat osatu eta Bilboko Portuko errepide bidezko garraioa kontrolatzea egotzi die Lehia Batzordeak hainbat garraio elkarteri. Haren arabera, bezeroak banatzen, prezioak finkatzen eta akordioak betetzen zirela kontrolatzen zuten. Zazpi milioi euroko isuna jarri die: 4,6 milioi euro ordaindu beharko ditu Sintrabi sindikatuak, 1,4 milioi Bidetransek, 1,03 milioi C.B. Bilbaok eta 333.000 euro Transmetak. Beste hogei enpresaren kasuan, baliogabetu egin ditu arau-hausteak.

Prozesu luze baten emaitza da isuna. 2001eko abenduan Sintrabiri eta beste 40 enpresari zigorra jarri zien Lehia Batzordeak, kartel bat sortzea egotzita. 2005ean Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi egin zuen erabakia, eta 2008an Auzitegi Gorenak ere bai. 2006an Ertzaintzak hamasei lagun atxilotu zituen, eta ikuskatzeak egin zituen Sintrabiren eta beste garraio enpresa batzuen egoitzetan. Haietan aurkitutako dokumentuak Lehia Batzordera igortzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionalak 2008an, 2001eko eta 2005eko epaiei kasurik egin gabe jarraitzen zela iritzita. 2009an, Lehia Batzordeko ikerketa taldeak Sintrabiren eta beste 25 enpresaren aurkako prozedura hasteko agindu zuen.

Azken horren arabera, 2002tik gutxienez 2006ra bitartean Sintrabik kontrolatu zuen Bilboko Portuko garraioa, bai behintzat 200 kilometro azpiko distantzietan. Horretarako, beste enpresa batzuen kolaborazioa ere izan zuen. Karteleko kideek ordainduta begiraleak ere bazeudela azaldu du.

Lehia Batzordeak adierazi du «lehiaren aurkako arau-hausterik handienetakoa» egin dutela garraiolariek. «Halako ekintzek milaka enpresaren lehiakortasunari eta kontsumitzaile guztiei kalte egiten die. Aldiz, etekinak ehunka pertsonarentzat bakarrik izaten dira», dio epaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.